topo1

Satorra, lur azpiko biztanle isila

Sarri ikus ditzakegu Petronor findegiaren inguruan, Barbadun ibaiaren ondoan, lur-tontorrak edo lekuz aldatutako lurreko lerro luzeak. Guztiok ongi ezagutzen dugun animaliaren aztarna bereizgarriak dira, satorrarenak hain zuzen.




Ugaztun ugari haien harraparietatik ihes egiteko edo eguraldi txarretik babesteko ezkutatzen dira lurpean, ipurtatsa edo azkonarra, besteak beste. Satorra, aldiz, lur azpian bizitzera moldatu da eta oso gutxitan ikusten da handik at. Lehorte garaietan edatera edo elikagai eskasia dagoenean bakarrik ateratzen da lurretik ura edo janaria lortzeko.

Lur-azpia oso ingurune arrotza eta gogorra da, baina eboluzio apartaren ondoriozko morfologia bereziari esker lortu du hari egokitzea. Gorputza zilindrikoa du eta ez dira argi bereizten gorputza eta buru luzea. Haren bukaeran, tronpa bat dauka, zeinarekin bere mundu iluna ukitzen eta usaintzen duen.

Lur bigunak, hezeak eta humus ugaridunak ditu gogokoen, erraz zulatzekoak. Horretarako, aurreko oinak muturraren aurrean jartzen ditu eta lurrean hondoratzen ditu.Ondoren, lurra atzera botatzen du. Horrela, aurrerantz doa, igerilariek bular-igeriketan egiten duten bezala, eta hiru motatako galeriak egiten dituzte. Babesteko dira batzuk, beste batzuei betirakoak deritze eta, azkenak, kanporago daudenak, ehizatzeko eraikitzen dituzte. Zizareak, intsektuak eta larbak jaten dituzte funtsean.

Asko jaten du satorrak, intsektu-jale guztiek bezala. Egunean bere gorputzarena bezainbesteko pisua jaten du. Janaria etengabe edukitzeko, batzuetan, zizareak biltzen ditu. Horretarako, haginkada egiten die buruan eta bere babeslekuan biltzen ditu, bizirik.

Negu-letargiarik ez duenez, urteko egun guztietan jan beharra du. Egun batzuetan jango ez balu, gosez hilko litzateke.

topo3Urtarrilaren erdialdean, natura oraindik lokartuta dagoenean, arrak maitasunaren deia entzuten du eta araldian sartzen da. Emeak, aldiz, ez du bere alde jartzen otsailera edo martxora arte.

Haur gehiago edukitzeko, eme bakoitzak bi edo hiru ar hartzen ditu eta handik 4 edo 5 astera, 3tik 6 kume txiki gorrixka erditzen ditu.

Emea bakartia eta zapuztia bada ere, kontu handiz ematen die bularra kumeei, eta babesa eta arreta guztia ematen die. Hile osoan, haiek zaintzen ditu eta arriskurik hautemanez gero, banan-banan eramaten ditu beste ganbara batera. Baina, gero, kumeak habiatik botatzen ditu.

Emeek urtean behin erditzen dute, apirilean edo maiatzean, nahiz eta udaren bukaeran ere kumaldiak aurki daitezkeen, bigarren ernaldi batekoak edo urte horretan jaiotako eme baten lehenengo ernaldikoak.

BITXIKERIAK

topo2Belarri-hegalik ez badu ere, oso entzumen ona du. Begiak, aldiz, txiki-txikiak eta ileak estaltzen dituenak, garapen gutxikoak dira, ez baitu ikusterik behar. Baina dardarak oso ongi hautematen ditu eta ukimena ere oso zorrotza du.