Sits Pirata, legendazko tximeleta

Petronorren inguruko mendietan ugari dira gauez ibiltzen diren tximeleta bitxi hauek, sits piratak (Acherontia artropos). Gainera, Europako lepidoptero handienen artean daude, aurreko hegoak 10 cm luze izan baitaitezke eta 9 gramo pisa dezaketelako.




Gauez bizi den espezie horrek azkar egiten du hegan, indarrez, eta sarri argiak erakartzen du, eta baita substantzia gozoen usainak ere; horrexegatik sartu ohi da gizakion etxebizitzetan eta gozotegietan.

Tximeletaren bizkarraldean buru-hezurra dirudien bi puntu beltz eta borobil horia ikus daiteke. Hori dela eta, hainbat ipuin eta legenda daude haien inguruan, heriotzaren mezularitzat hartzen baitute. Gainera, arriskuan daudela uste dutenean, ahoan duten artekaren bitartez, haizearekin zarata ezatsegina ateratzen dute. Erraz imagina dezakegu zer nolako sustoa ematen zuten gaueetan atxeetan sartu eta halakoak igortzen zituztenean, bizkarraldean buru-hezurraren irudia erakusten zuten bitartean. Hori dela eta, uste herrikoiek zioten etxe horretan laster norbait hilko zela iragartzen zutela. Batzuetan, kasualitatez, gaixo edo hiltzen zegoen jendearen geletan sartzen zirenez, sinesmena are sendoago bihurtu zen eta herri txikietako biztanleen taldeko oroimenean hala gelditu zen. Zoritxarrez, sinesmen oker horien ondorioz, kontu gabe jarraitu eta zapaldu da tximeleta.

Urtero bi belaunaldi

esfinge3

Espezie honek bi belaunaldi ematen ditu urtean. Lehenengo belaunaldikoak udaberrian hasten dira hegan. Bigarrenekoak, aldiz, udara bukaeran eta udazkenaren hasieran. Europako iparreko eskualdeetan, belaunaldi bakarra dute. Gero beldarra eta krisalida faseak datoz. Lehen belaunaldikoen larba fasea udararen hasieran da, eta bigarrenarena udazken erdialdean.

Sits pirataren beldarrak bi koloretakoak izan daitezke, bata arrea eta bestea horia. Biek dute S itxuradun luzakina dute atzealdean.

Krisalida eratzeko, beldarrak 20 cm inguruko zuloa egiten du lurrean. Sarri, patatak eskuz jasotzen direnean, krisalida hartzen da haien artean, kolore arre gorrixka duena.

Beldarrek patata-landarea jaten dute gehienbat, eta baita tomatearena, berenjenarena edo azenarioarena ere, baina ez ditu baztertzen heriotzorriak, tabakoa, estramonioa, mahatsondoa edo babak ere. Oso gogoko du eztia ere. Erlauntzetan sartzen da, eta batzuetan hor hil ere, erle guztiak baitoaz hura ziztatzera.

Bizitzeko lekuari dagokionez, ez du gehiegi behar. Nahiago ditu altuera gutxiko lurrak. Mendi ertainetako zelai eta leku epeletan ere aurki daiteke.

Urtero, espezie horren taldeak Afrikatik Europa iparralderantz joaten dira eta batzuk nahiko urrutira iristen dira, eguraldiaren baldintzen arabera. Urte onetan, Islandiaraino iristen dira. Europa osoan eta Afrika zati batean aurki daiteke. Asian ere badago, Japoniara arte ere iristen da.

Hegan asko egiten duen espeziea da eta emigratzailea, eta Mediterraneoa ere zeharkatzen badaki, baina Alpeen hegoaldean sedentarioa da. Iparrerantz, beldar negutarrak hil egiten dira lehen izozteekin.

Espezie honetako tximeleten kopurua asko aldatzen da urtearen arabera. Hotz egiten duenean, gutxiago egoten dira, baina beroagoetan, gehiagok egiten dute hegan. Tximeleta horren errolda egitea benetan zaila da, gauean berandu ibilten baita.

Identifikatzeko erraza

Sits piratak gorputza lodia eta luzea du eta aurreko hegoak triangelu itxurakoak. Haien atzealdea gris edo beltz kolorekoa da eta bi zerrenda horixka dituzte, hainbat puntu arre-gorrixkaz gain. Atzeko hegoen goiko aldea horia da eta bi lerro beltz horzdun dituzte.

Egonean dagoenean, tximeleta ez da ikusten, zuhaitzen azalaren koloreak hartzen baititu. Intsektuez elikatzen den hegaztiren batek ikusten duenean, bat-batean irekitzen ditu hegoak eta atzeko hegoen kolore hori edo beltz ikusgarriak eta bere sabelaldeko kolore hori eta beltzeak une batez despistatzen du txoria. Tximeletak une hori aprobetxatzen du ihes egiteko.

BITXIKERIAK

esfinge2
Oso espiritronpa gogorra du, fruitaren azal gogorra zulatzeko eta loreetako nektarra ateratzeko bezalakoa. Sabelaldea horia du, marra beltz bertikalekin eta lerro zabal bertikal ilunarekin.