HISTORIA
Petróleos del Norte 1968ko azaroaren 30ean eratu zen, petrolio-produktuak eta hauen deribatuak findu eta merkaturatzeko xedez. Bilboko portuaren ondoko kokapena aukeratu zen petrolio-produktuen hornidura eta esportazioa erraztearren, eta 1969an findegia eraikitzeko lanak hasi ziren Muskizko udalerrian.
Petronor euskal finantza-erakunde nagusien (Banco Vizcaya, Banco Bilbao, Bizkaiko Aurrezki Kutxa eta Bilboko Udal Aurrezki Kutxa) arteko akordio baten ondorioz sortu zen, eta Gulf konpainia bazkide industriala zuela, 1972an findegia martxan jarri zen martxan, 220 hektareako guztizko azalerarekin eta egunean 60.000 kupel petrolio gordin destilatzeko gaitasunarekin.
Petronorren sorrerako helburua fuel-olioa ekoiztea zen, batez ere zentral termikoak hornitu eta elektrizitatea ekoizteko, gizartean zegoen elektrizitate-kontsumo handiagoaren eskariari erantzunez.
Petronorrek, findegiarekin batera, Punta Luceroko dikea eraiki zuen, kanpoko portuaren garapena bultzatuz. Barneko portuaren sakonera 31 metroraino handitzea zen helburua, petrolio-ontzi handiek bertara sartzeko aukera izan zezaten. Baina helburu horrekin batera, ur-laminarako sarbidea duen industria-eremua sortzea lortu zen, eta honek, lehendabizi, itsas-jarduera hiriaren erdigunetik atera eta hiria birsortzea ahalbidetu zuen, eta gerora, industria berriak garatzeko aukera eskaini zuen. Egun, Petronorren jarduerari lotutako itsas-trafikoa Bilboko Portuko jarduera osoaren % 40 da.
70eko eta 80ko hamarkadetan, Petronorrek eragiketak finkatu eta ekoizpen-gaitasuna handitzeari ekin zion, destilazio-gaitasuna areagotuz eta eguneko 220.000 kupeleko kopurura iritsiz. Hedapen-prozesu honetan, instalazio berriak eraiki eta teknologia aurreratuak eta proiektu berritzaileak gaineratu ziren, betiere konpainiaren energia-eraginkortasuna hobetu eta ingurumen-inpaktua murrizteko asmoz. Inbertsio hauei esker, fuel-olioaren ekoizpena pixkanaka-pixkanaka murriztu eta mugikortasunerako erregaien ekoizpena areagotuz joan zen.
Urte batzuk geroago, Repsolek konpainiako partaidetzen % 86 erosi zuen, Petronorri enpresa horren sinergiez baliatzeko aukera emanez eta merkatuan zuen posizionamendua indartuz.
2020an, konpainiak 2020-2025eko Plan Estrategikoa abiarazi zuen, jasangarritasunaren zein trantsizio energetikoaren arloko asmo handiko helburuak bilduz. Proiektu nabarmenen artean, Euskadin hidrogeno berdea ekoizteko instalazio baten eraikuntza aurreikusi da, Repsolekin eta beste erakunde batzuekin elkarlanean.