FINDEGI DESKARBONIZATU BATERANTZ
Lehen eraldaketa handia
Petronorren findegia 1972an jarri zen martxan zentral termikoetarako fuel-olioa ekoizteko, garai hartako elektrizitate-eskari berriei erantzunez, eta egun, fuel-olioa produkziotik kentzeko gaitasuna dugu, ingurumen-inpaktu txikiagoa duten erregaien ekoizpena maximizatuz (gasolioa, gasolina, kerosenoa, nafta…) eta prozesuan fuel-olioaren ordez gas naturala erabiliz. Ildo horretan, argi eta garbi esan dezakegu Petronorrek arrakastaz bete ahal izan duela “lehen eraldaketa handia”, eta horrek bezeroa, produktua eta prozesuko energia aldatzea ekarri duela, prozesuaren efizientzia nabarmen areagotzeaz gain. Hori guztia lortzeko, 1.850 milioi eurotik gorako inbertsio-prozesu bizia egin da 2008tik 2023ra bitartean, erabilgarri dauden teknologiarik onenak txertatuz.
Eraldaketa honi esker, aurrerapauso handiak eman ahal izan dira prozesua zein produktua deskarbonizatzeko bidean, baina orduan erabilgarri zegoen teknologiak ez zuen findegi deskarbonizatua lortzeko aukerarik ematen. Berez, inork ez zekien nolakoa izan zitekeen findegi deskarbonizatu bat.
Bigarren eraldaketa handia
Petronorrek 2019aren amaieran heldu zion bigarren eraldaketa handiari konpromiso honen eskutik: 2050ean zero isurpen garbiko enpresa izatea, hau da, findegi deskarbonizatua bihurtzea.
Gainditu beharreko lehen erronka galdera honi erantzutea zen: NOLAKOA DA FINDEGI DESKARBONIZATU BAT? Galdera honi erantzunez, gizartearen eskaeretara egokitu behar zen, eta kasu honetan, xedea klima-aldaketaren aurkako borroka da.
Ordura arte ez zen existitzen kontzeptu hori.
FINDEGI DESKARBONIZATUA nolakoa izango litzatekeen zehazteko, lau elementu hauek hartu dira oinarritzat:
- Ekonomia Zirkularra: instalazioa elikatzeko erabiltzen den lehengaia aldatzea, petrolio gordinaren zati handi bat hondakinekin ordezkatuz (biomasa, hiri-hondakinak, sukaldeko olio erabilia, etab.). Honekin, halaber, gizartearen beste erronka handi bati erantzuten lagunduko dugu: hondakinen tratamendua.
- Prozesuko energia aldatzea: gas naturalaren ordez hidrogeno berriztagarria erabiltzea eta energia elektriko guztia iturri berriztagarrietatik sortua izatea.
- Erregai berriztagarriak ekoiztea: hidrogeno berriztagarria, bioerregai aurreratuak eta erregai sintetikoak.
- CO2a atzitu eta erabiltzea. Balantzea ixteko, prozesuan sortutako CO2a atzituko da, erregai sintetikoetarako lehengaitzat erabiltzeko.
Petronorren leial eutsi diogu gure historiari, eta deskarbonizazioaren erronkaren aurrean ere soluzioaren partaide izan nahi dugu.
Formula betikoa da: teknologia eta inbertsioa. Ondorioz, proiektu zehatzekin osatutako ibilbide-orria ezarri da, egungo egoeratik findegi deskarbonizatu horretara igarotzeko.