Etorkizunak lankidetza behar du, eta aldatzeko beldurrik ez

Emiliano López Atxurra Tecnaliaren ekintzaileen foroan emandako hitzaldian zehar.
“Etorkizuneko industriaz jarduteko ezinbestekoak dira pentsaera irekia eta berrikuntzan oinarritutako industria energetikoa finkatzea”.  Emiliano López Atxurra Petronorreko presidentearen hitzak dira, Tecnaliaren ekintzaileen foroan emandako hitzaldian.

López Atxurraren arabera, berrikuntza gai izan behar da “produktu jasangarria eta kontsumitzailearen behar energetikoei egokitutakoa merkatuan eskaintzeko erronkari” erantzuteko. Eta, zehatz-mehatz energia-industriaren gainean, honako hau esan zuen: “ekonomia digitaleko eta bioteknologiako tresnak erabili behar dira, prozesu industrial eraginkorrak eta neurrira egindako zerbitzu-prozesuak eta eskaintza energetikoa lortzeko”.

López Atxurrak ezbairik gabe salatu zuen: “beste guztien produktu bera lantzea eta eskaintzea da berrindustrializazioaren erronkatik eta Oil&Gas-aren industriatik urruntzeko modurik onena; hori baita, hain zuzen ere, jaiotzen ari den nazioarteko sistema tekno-industrialaren muina”.  Amaitzeko, hau esan zuen: “hori lortzeko bide bakarra prestakuntza da, ikuspegi garbi eta zabalarekin eta umiltasunarekin. Horretarako elkarlanean aritzea beharrezkoa da, lankidetzari eta aldaketei beldurrik izan gabe.”