REFILOC segurtasun-sistema, probaldian

Refiloc Sistema.
Etenaldietan egin beharreko eragiketei begira Petronorrek eta Tecnaliak garatu duten pertsonentzako segurtasun-sistema probatu da.

REFILOC-en helburua, lantegi osoko pertsonen jarduera denbora errealean monitorizatzea da. Horrela, larrialdiren bat gertatuz gero, segurtasun osoz egiaztatu ahal izango da inor ez dela barruan geratu, eta norbait barruan egotekotan, une oro lokalizatuta egongo litzateke ebakuatu ahal izateko.

Hiru dira sistemaren funtzionalitate nagusiak:

1. Lantegi barruko pertsonen lokalizazioa: mugatutako esparruen barruan eta kanpoan.
2. Larrialdiko egoeren detekzioa: izuaren botoia, “gailu ez-mugikorra”.
3. Gas hilgarriak dituzten lekuen urruneko detekzioa.

Sistema honi esker, mugatutako leku batean zenbat pertsona dauden eta nortzuk diren jakin dezakegu. Gainera, sarrerako baimentze-sistemak pertsona horrek esparru horretara sartzeko baimenik duen ala ez jakinarazten du.

Pertsonak mugatutako esparruetatik kanpo daudenean, lantegi osoan zehar banatutako balizei esker, sistemak zehaztasun osoz geolokalizatu ahal ditu, eta horrela, horietako batek eskumuturrekoan daraman larrialdi-botoia sakatuz gero, alarma bat pizten da kontrol-gunean, larrialdietako taldeari hots egin eta laguntza emateko modua erraztuz.

Sistemak 3 gailu ditu:

-Eskumuturrekoak: Hauekin fitxatzen da mugatutako esparruetarako sarreran dagoen sarbide-kontrolean, eta hauei esker, pertsona sartzeko baimenduta dagoen ala ez detektatu eta seinale bat bidaltzen da sistema zentralera, pertsona hori barruan sartu dela jakinarazteko. Gainera, eskumuturreko hauek izuaren botoiaz, mugimenduaren detektagailuaz eta geolokalizazioaz hornituta daude.

-Balizak: Bi funtzio nagusi dituzte; eskumuturrekoak eta sentsore-azalak geolokalizatzea eta hauek sortutako informazio osoa kontrol-gunera komunikatzea. Gainera, mugatutako esparruetarako sarreretan dauden balizek sartzeko baimenen kudeatzailetzat funtzionatzen dute, eta display baten laguntzaz, barruan zenbat pertsona dauden jakinarazten du, segurtasun-zaindarien lanaren mesedetan.

-Sentsore-azala: “kanarioa” deritzon gas-detektagailuan jartzen da. Gas kaltegarriak egonez gero, detektagailua ziztuka eta dardarka hasten da; azalak egoeraz ohartu eta seinale bat bidaltzen du hurbilen dagoen balizara, eta hemendik mezu bat igortzen da, lehendabizi hodeira, eta gero, URFn finkatutako etxola batetik sistema osoa kontrolatzen duen kontsola nagusira. Honela, lekuan lekuko detektagailu bat online detektagailu bihurtzen da.

URFren Etenaldiaz baliatuta, unitate horretako sistemaren proba industriala egin da. 100 bat baliza jarri eta 700 eskumuturreko eta 50 sentsore-azal banatu dira bertako nahiz kontratetako langileen artean.