La Arena hondartzako ura: 10 urteko bikaintasuna

Marrazkian, La Arena hondartzako hiru lagin-puntuak (PM)
La Arena hondartzako urak kalitate bikaina du behin eta berriz, Azti-Tecnaliak eta URA Euskal Agentziak 2008az geroko datuekin landutako azterlanaren arabera.

“Ni ez naiz hiriko itsasadar batean bainatzen, hondartza nahiago dut, eta Bizkaian Estatuko onenak ditugu uraren kalitateari dagokionez “, adierazi du Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko Guillermo Quindos mikrobiologoak (El Correo, 2017.07.06), berrikitan bainatzeko desegokitzat jo diren uren harira.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak gaur bertan plazaratutako txostenean argitu duenez, Bizkaiko itsasbazterrean egindako 33 laginetan, bi hondartzetako uraren kalitatea “nahikoa” da, bostek dute kalitate “ona” eta hogeita seik, berriz, kalitate “bikaina”.

Muskiz eta Zierbenako La Arena hondartza dugu, hain zuzen ere, urtez urte uraren kalitate bikaina duten Bizkaiko hondartzetako bat.

Bikaintasun hori ez da egun bakarreko fruitua, ezta urte bateko fruitua ere, baizik eta maila horretan mantendu da Azti-Tecnalia zentro teknologikoak eta URA Euskal Agentziak azken hamar urteotan bildu eta aztertu dituzten datuetan.