Petronorrek eta Elhuyarrek petrolio-industriaren hiztegi eleaniztuna egingo

Leire Cancio Orueta eta Emiliano Lopez Atxurra
Emiliano Lopez Atxurra Petronorren presidenteak eta Leire Cancio Orueta Elhuyar Fundazioaren zuzendariak petrolio industriaren hiztegi eleaniztuna egiteko hitzarmena sinatu dute gaur, “energia-konpainiaren terminologia kudeatu eta euskal sektorean duen ikusgaitasuna areagotzeko”.

Aurkezpenean zehar, Emiliano Lopez Atxurra Petronorren presidenteak adierazi du euskararekiko atxikimendua eta, azpimarratu, Petronorrek nahi duela “balioan jarri milaka urteko hizkuntza, energia zein teknologiaren alorrean euskararen modernizazioa sustatzeko”.

Bestalde, Leire Cancio Elhuyarren zuzendariak eskertu du Petronorren laguntza eta gogoratu nahi izan du “hizkuntza dela kudeaketa bikainaren alderdietako bat, komunikatzeko eta gizarteratzeko tresna denez gero”.

Ekimen honen bitartez, “Petrolio Industriaren Hiztegi Eleaniztuna” eta Interneten kontsultatzeko aplikazioa sortuko dira. Hiztegiak 300 definizio tekniko eta sektorearekin zerikusia duten 1.500 kontzeptu espezializatu inguru bilduko ditu, sailen arabera antolatuta, honako lau hizkuntza hauetan: euskara, gaztelania, frantsesa eta ingelesa.