Datozen urteotarako ikuspegi eta erronka enpresarialak (Emiliano López Atxurra – Cebek)

Emiliano López Atxurra, gaur, Cebek-en urteroko Enpresa Topaketan.
Lehenik eta behin, gogora ekarri nahi nuke José María Arizmendiarreta zenaren oroitzapena, izan ere, munduak eskaintzen dizkigun leziorik onenak ikastea ona izanda ere –maila akademikoan nahiz politika industrialen eta kudeaketa enpresarialaren arloko esperientziei dagokienez–, ez da inondik ere onura txikiagokoa haren indar-ideiak ikusmolde irekiaz berrirakurtzea, horietan bilduta baitaude datorren hamarkadan gainditu beharreko erronka enpresarialei aurre egiteko beharrezko jarreretako asko. Zehazkiago esanda, hezkuntzaren aldeko apustua, hauxe baita gure bizimoduaren jabe izateko erabakiari aurre egiten lagunduko digun berezko eta nahitaezko euskarria. Bigarrenik, ekimenaren aldeko apustua, hobe baita ekin eta huts egitea ezer ez egitea baino, ekinaren ekinaz asmatzen ikas daitekeen heinean. Eta azkenik, ondo kontuan hartuz Pedro Axularrek XVII. mendearen hasieran idatzitakoa: “Ogirik ez dakusat biltzen, hazirik erein gabe”.

Hezkuntza, Ekimena eta Ikuspegia dira etorkizunari buruzko ikuspuntua zentzatzeko eta erronka enpresarialei aurre egiteko bektore estrategikoak.

Aurreko guztia esanda, ez da erraza jardunaldi honetan luzatutako galderari erantzutea, izan ere, egun bizi dugunaren moduko ziklo historikoen aldaketetan zalantza dugu nagusi. Aldi berean, galdera zirraragarri horrek grinaz eta jarrera irekiaz birpentsatzera behartzen gaitu, gure gaitasunak hainbat mailatan –teknologikoetatik sozialetara, finantzarioak eta industrialak ere barne hartuta– aldaketen azelerazio malapartatua frogatzen ari den mende honetara egokitu ahal izateko.

Testuinguru honetan, egokia da –industria munduarentzat nahiz honen jarduera hedatuta dagoen ekosistema industrialarentzat– egoera ekonomiko, teknologiko, industrial, sozial eta politiko globala ebaluatzea eta nazioarteko gizartea pairatzen ari den mutazio prozesu sakona aintzakotzat hartzea.

Gauza bat baino ez dut baieztatu nahi: joan den mendeko 42-48 epealdian eraikitako mundua koma egoera sakonean dago eta sortuz doan nazioarteko gizarte berriak europarrok ispiluaren aurrean kokarazi gaitu, Europaren integrazioan sakondu ezinik eta XXI. mendean bigarren mailako eragile bihurtzeko arrisku larrian.

Gomendagarria da nazioarteko gizartea zertxobait ezagutzea –Internetek informazioa bilatzeko eta ebaki-itsatsi egiteko eskaintzen dizkigun aukeren gainetik–, sakoneko mugimenduak bistaratu eta, esaterako, Txinaren Europako inbertsioari egiazko tamaina hartu ahal izateko:

• Europa da Txinaren kanpo-inbertsioaren jasotzaile nagusia.
• Txinak Europako nahiz Ipar Amerikako automobilgintzan duen funtsezko eginkizuna (adibidez, GMk % 80 ibilgailu gehiago saltzen du Txinak AEBetan baino).
• Turkiak Europako ekonomian duen garrantzia (Balkanetako inbertsiogila nagusia).
• Europaren eta AEBen arteko harreman atlantikoetan irekitzen ari den pitzadura sakona (gogoan izan Trump, Macron eta Merkelen arteko topaketen emaitza).
• AEBen eta Txinaren arteko norgehiagoka teknologikoa (bateriak, adimen artifiziala, potentziako elektronika…), etab.

Testuinguru honetan, Europaren ahultasuna azalera atera eta berpizkunde teknologiko industrialaren indar-ideiak Macronen presidentziaren nahiz agenda franko-alemanaren agendaren lehentasunezko ardatz gisa duen garrantzia ulertzen laguntzen digu. Ezinbesteko premia da Europarentzat, AEBei eta Txinari aurre egiteko. Hortaz, ez da ideia erromantikoa, egiazko premia baizik. Eta ondo egingo genuke geure radarrean finkatu eta prozesu honetan sartzeko buru-belarri lan egingo bagenu.

Horren guztiak garrantzi handiko ondorioak ditu gure ekosistema teknologiko eta industrialaren etorkizunerako. Batez ere gure ekosistemaren oinarri izan den energia eta mugikortasunaren merkatuan.

Testuinguru honetan, Europako ekonomia industrialaren eragileak izaten jarraitzeko ditugun gabezien erakusgarri, zera nabarmendu behar dugu berriz ere:

• Ona izatea ez da nahikoa.
• Europako erabakitze-guneetan ez egotea egiazko oztopoa da.
• Enpresa lider trakziogileak ez izatea egiazko eragozpena da.
• Pentsatzen irakasten ez duen hezkuntza-sistema izatea egiazko ahulgunea da.

Horren aurrean, bikaintasuna helburutzat hartu behar dugu, eta honi atxikita:

• Prestakuntzaren alde apustu egin behar dugu, pentsatzen irakastea balio estrategikotzat lehenentsi beharko lukeen lehen hezkuntzari arreta ematez.
• Ikuspegi glokala landu behar dugu, kudeaketa-tresnatzat erabili ahal izateko.
• Herrialdeko aktibo guztien integrazio koherentearen aldeko erabakia hartu behar dugu.
• Enpresa trakziogileak tresna estrategikotzat finkatu behar ditugu.
• Eta laburbilduz, etorkizunera begiratu behar dugu, norberaren zilborrari edo atzerako ispiluari erreparatu gabe.

AEB, Txina, Japonia, Korea, Alemania edo Frantziari begiratu azkarra egitea aski izan liteke esaten ari naizenaren balioaz konturatzeko, bereziki ezagutza teknologikoak, lankidetza publiko-pribatuak, enpresa trakziogileek, enpresa hornitzaileek, enpleguak eta finantza-giharrak osatutako zirkulu bertutetsuari dagokionez.

Toyota eta Samsung-en hiriak ikerketa, diseinua, kudeaketa eta osagaiak bertikalki integratuak dituzten ekosistemak dira: ehunka enpresa konpainia nagusiaren inguruan, honen luzapenak balira bezalaxe.

Zirkuluaren adibide horiek aipatuta, gogora ekarri nahi nuke zer ziren Bilbo eta Bizkaia Iberduero, BB eta BV enpresekin. Zirkulu hari esker lortu zuen gure Herriak, honaino iritsi eta planetako lekurik gehienetan nahi luketen ongizatearen gizartea izatea ahalbidetu digun ekosistema tekno-industriala. Baina erosotasunaren magalean, nondik gatozen ahazten hasiak gara, eta horrek arriskuan jar dezake gure ongizatea, baldin eta geure artean den mundu berri honetara moldatzen ez bagara. Betiere kontuan izanda herrialdeak horniketa-kateak osotasunean hartuta lehiatzen direla.

Balio-kate globalak osotasun konplexu bezain integrala bihurtzen ari dira. Hartara, Europako korporazioen softwarea Estatu Batuetan garatzen da, ekoizpena Asian, administrazio-lanak Ekialde Hurbilean, eta tokiko bazkideekin batera eratutako enpresez baliatzen dira salmenta ondoko zerbitzuetarako –konponketak eta bermeak– tokiko merkatu guztietan.

Egungo munduan, iraganeko munduan bezalaxe, industria estrategikoak sortu eta mantentzea nahitaezkoa da enplegu-tasa handiak lortzeko eta pertsonen gaitasun teknikoei eusteko. Hementxe dugu inolaz ere ahaztu behar ez dugun beste ikasgai bat: gizartearen oparotasuna berrikuntza korporatiboaren eta aipatutako zirkulu bertutetsuaren emaitza da, nagusiki, ez inbertsio publiko hutsarena.

Aldarrikatu beharreko kapital erraldoia daukagu: pertsonak. Aldarrikatzeak bizitzeko aukerak eskaintzeko moduko giroa sortzea dakar, eta horretarako bitamina nagusia, askatasunez pentsatzeko, lankidetzan jarduteko eta ekimenaren eta ahaleginaren balioa aintzat hartzeko baldintza sozialak sortzea da.

Badugu non ikasia eta, zorionez, etxean bertan ere bai. Hori dela eta, ezin dugu eta ez dugu desagertzen utzi behar, ikupegi, adore, erabakimen eta sakrifizioaren bitartez gure Herriko sistema tekno-industriala eraikitzen lagundu zutenen oroimena. Pedro Toledo, Sendagorta anaiak, Gómez de Pablos, Garrido, Ormazabal, Arteche, Garmendia, Belaustegui/ Madariaga/Gandiaga eta hainbat enpresari anonimoren ahaleginik gabe, Herri honek ez lituzke izango egun bizirik irauteko dituen aukerak.

Bizirik irauteko aukerak ditugu, BAI. Koherentziaz jokatu besterik ez dugu egin behar, herentzia kudeatzera mugatu gabe. Jasotako herentziarekin arduraz jokatzeak erabakimena dakar, arriskua kudeatzen jakitea eta, batez ere, zorroztasunez eta ikuspegi irekiaz lan egitea.

Ikuspegiaren arabera, erronka enpresarialek hurrengo hamarkada bizialdiko helmugatzat jotzera behartzen gaituzte. Era berean, teknologia, konektibitatea, iraunkortasuna eta hiri-globalizazioa indar eraldatzaileak direla jakinarazten digu. Eta energia, mugikortasuna eta ura eraldaketaren erdigunean kokatzen ditu.

Aurrean dugun erronka zirraragarria bezain erakargarria da, eta arriskugarria ere bai. Behar bezala oratu behar diogu eraldaketaren olatuari, izan ere, berandu hartuz gero, zurrunbiloak ongizatearen taula erauziko digu. Eta etorkizuneko belaunaldiek ez ligukete inoiz barkatuko eraldaketaren olatuari berandu oratu izana.

Mahai gainean utzi nahi dut inondik ere erretorikoa ez den galdera hau: zein da gure aktibo industrial eta teknologikoen egiazko sendotasuna datorren hamarkadako helmuga tekno-industrial berriaren aurrean? Garrantzitsua da galdera honi erantzutea. Herriaren ongizatea enpresa-sarearen sendotasunaren araberakoa baita. Eta hemen zintzotasunez jokatu behar dugu geure buruarekin, horixe baita aurrera egiteko eta etorkizuneko belaunaldiekiko arduraz jarduteko modu bakarra. Egoera orokorra besterik ez dut zirriborratu orain arteko oharretan, eta ondorio gisa, oraindik zer egin handia daukagula esango nuke. Batez ere, erabakiak hartu behar ditugu, gure sistema tekno-industrialari neurria eta giharra emango dion zirkulu bertutetsu berria lortzeko, hiri-ekonomia globalean lehiatzen jarraitu nahi baldin badugu. Gure sendotasuna estu-estu lotuta dago Europako ekonomiaren balio-katean dugun posizioarekin eta merkatuan erreferentziazkoak diren enpresa trakziogileen existentziarekin.

Hauxe da gure eginbeharra, gure Herriaren aktibo garrantzitsua –Kontzertua eta Kupoa– paper bustia bihurtzerik nahi ez baldin badugu, ohituta gauden ongizatearen gizarteari eusteko gai ez izateagatik.