Petronor, Somorrostroko SOMOS++ taldearen ibilgailu elektrikoaren babesle nagusia

SOMOS++ taldea bere ibilgailu elektrikoarekin.
Petronor Somorrostro PZko ikasleek eraikitako beste ibilgailu elektriko baten babesle nagusia bilakatu da. Oraingoa, Automozioaren Familiako Prestakuntza Zikloetako 15 ikaslek osatu eta ikastetxeko bi irakasle buru dituen SOMOS++ taldearen prototipoa da.

Ingelesez ikasten duten DBHko 3. mailako 17 ikaslek osatutako Somorrostroko “GpZcar” taldearen ibilgailu elektrikoa babesteaz gain, Petronorrek laguntza ekonomikoa eman du, Somorrostroko automozioko ikasleek osatutako SOMOS++ taldearen ibilgailu elektrikoa egiteko.

Proiektu hau Euskelec deritzon txapelketa teknologikoari atxikita dago. Euskadiko lanbide-heziketako ikasleek ibilgailu elektrikoa diseinatu eta eraikitzea eta horien ezaugarriak, prestazioak eta diseinua ebaluatzeko probetan lehiatzea da txapelketaren helburu nagusia.

Bihar, larunbata, SOMOS++ taldeak prototipo elektrikoaren saiakuntza egingo du Mendizabalako aparkalekuan, Gasteizen. Euskadiko LHko hamaika ikastetxetako 140 ikaslek baino gehiagok parte hartuko dute Euskadiko Ibilgailu Elektrikoen I. Txapelketan. Proiektu hau Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza Saileko Lanbide Heziketako Sailbuordetzak bultzatutako Tknika zentroak, Mugikortasun Iraunkorra Sustatzeko Fundazio Teknologikoak (MUISU) eta Euskadiko Automobilismo Federazioak antolatu dute.