Petronorrek Energia Kudeaketari buruzko AENOR ziurtagiria jaso du

Manu Núñez eta Luz Emparanza, ziurtagiri honen lorpenerako lanean izan den taldearekin.
• Beste hainbat abantailaren artean, enpresen energia-kontsumoa kudeatzen eta murrizten laguntzen du, horri atxikitako finantza-gastuen nahiz Berotegi Efektuko Gas isurketen murrizketari dagozkion ondorio positiboekin batera.

Petronorrek Energia Kudeatzeko Sistemaren AENOR ziurtagiria jaso du ISO 50001 Arauaren arabera. Emiliano López Petronorren Presidenteak Luz Emparanza AENORen Euskadiko Zuzendariaren eskutik hartu du aipatutako ziurtagiria.

Energia Kudeatzeko Sistemen AENOR ziurtagiria ISO 50001 nazioarteko arauan oinarrituta dago, eta Petronorrek ISO 50001 Arauak ezarritako betebeharrak betetzen dituela egiaztatzen du, etengabeko hobekuntzaren alde apustu egiten duen Energia Kudeatzeko Sistema ezarri duelarik.

Era askotako abantailak ditu: enpresen energia-kontsumoa kudeatzen eta murrizten laguntzen du, horri atxikitako finantza-gastuen nahiz Berotegi Efektuko Gas isurketen murrizketari dagozkion ondorio positiboekin batera.

Arau honen aplikazioari esker, erakundeek % 5 eta % 30 bitarteko aurrezki sistematikoa sortzea lortu dute, Normalizazioaren Nazioarteko Erakundeak (ISO) ISO 50001 araua indarrean sartu izanaren bosgarren urteurrenaren kariaz egindako balantzearen arabera.

Arau hau erabiltzen duten erakundeen artean, 10etik 9k gomendatzen dute, eta erabiltzaileen % 95ek adierazi du arauak energia gehien kontsumitzen duten jarduerak zehazten lagundu diola, ISOren arabera.

Energia Kudeatzeko Sistemen AENOR ziurtagiria tresna erabilgarri eta eraginkorra da energiaren maneiua hobetzeko, gai honi buruz indarrean dagoen legeria etengabe betetzeko, Energia Kudeatzaileen zeregina errazteko eta energia-auditoretzetatik abiatutako jarduketen jarraipena ezarri eta gauzatzeko. Era berean, lehen mailako energia-kontsumoa, kanpoko menpekotasuna nahiz intentsitate energetikoa murrizten laguntzen du, energia berriztagarrien erabilera sustatuz; honela, erakundeen lehiakortasuna hobetzen laguntzen du.

Espainia munduko zortzigarren herrialdea da Energia Kudeatzeko Sistemen ISO 50001 arauaren araberako ziurtagiri kopuruetan, 568 aintzatespen dituelarik, ISOren azken txostenaren arabera.

Munduan, 22.900 erakundek Energia Kudeaketa ISO 50001 arauaren arabera ziurtatu dute.