Petronorrek 30 milioi euro inbertituko ditu egoitza berria eta prestakuntza-zentro berria eraikitzeko

Miguel Gutiérrez, Emiliano López Atxurra, Pablo de la Hoz, Ángel de la Hoz eta Manu Núñez.
-Egoitza berriak modernotasunaren, gardentasunaren eta energia eraginkortasunaren aldeko apustuari eutsiko dio.

-Egoitza berria osatuko duten hiru eraikinetan, bulego nagusiak eta egunez egun Petronorrera joaten diren 1.000tik gora pertsonarentzako jantokiak eta aldagelak kokatuko dira.

-Muñatoizko jauregia, bulego nagusien orain arteko egoitza, Petronorren lan egiten duten pertsonen prestakuntza zentro berria izango da.

-Urtero, segurtasun eta ingurumenari buruzko 80.000 prestakuntza ordu baino gehiago antolatzen dira Petronorren.

Petronorrek instalazio berriak eraikitzeari ekin dio 30 milioi euroko inbertsioaren bitartez, 2020ko udazkenean amaitzeko asmoz. Inbertsio hauei esker, modernotasunean finkatzen lagunduko dion lan-ingurune berriaz hornituko da, Petronorren tradizio eta presentziaren ikur bihurtu den Muñatoizko jauregiaren ingurunearekin bat datorren paisaia berria sortzeaz gain.

Lanen garapena

Bulego nagusien eta jantokiaren egungo eraikina 70eko hamarkadaren hasieran egin zen, eta eraikin berriak egungo antolaketara egokituko dira, gardentasunaren eta komunikazioaren mesedetan. Horren kariaz, bi alderdi horiek erraztuko dituen eraikuntza mota hobetsi da. Gainera, aldagelek berrikuntza garrantzitsuak izango dituzte, eta horien eraikuntzaren hasiera izan da lan guztiei ekiteko abiapuntua.

Hiru eraikin altxatuko dira: aldagelen eraikina, bulego nagusien eraikina eta jantokien eraikina. Horien eraikuntzaz, egungo bulego-eraikina eraitsi eta Muñatoizko jauregiaren ingurune naturala instalazio berrietarantz luzatu ahal izango da, eraikinen eta gazteluaren artean paisaia koherentea eta bateratzailea sortuz.

Aldagelen eraikina da programatuta dagoen lehena eta dagoeneko bukatuta dago. 3.300 metro koadroko azalera duen bi solairutako eraikin hau 700 langilek baino gehiagok erabiliko dute egunero.

Luze gabe, bulegoen eraikina gauzatzen hasiko da, konpainiaren bulego nagusiak bertan kokatzeko asmoz. Beira bikoitzeko fatxada zabalak dituela, gardentasuna eta argi naturalaren ugaritasuna izango ditu ezaugarri. Lan-ingurune kolaboratibotzat diseinatuta, talde-lana erraztuko duten esparru malgu eta moldagarriak eskainiko ditu. Eraikinak hiru solairu eta 3.563 metro koadroko azalera izango ditu, eta bertan, 178 lanpostu finkatuko dira, hainbat gela, bulego eta postutan banatuta eta beharrezko sistema informatikoez hornituta; baita auditoriuma, ikusentzunezko ekipamendua eta erabilera anitzeko jarleku eramangarriak ere, esparru irekitzat erabili ahal izateko. Gainera, mediku-zerbitzuaren ekipamendu berria izango du.

Jantokien eraikina bulegoen eraikinarekin batera altxatuko da. Oin bakarreko eraikina izango da, esparru irekia balitz bezala taxututakoa, konpainia osoari zerbitzua eman ahal izateko.

Eraikinak amaitu bezain laster, egungo bulego-eraikina eraitsiko da. Hortik aurrera, eraikinen ingurunea landarez apaindu eta proiektuaren amaierako faseari ekingo zaio.

Efizientzia eta berrikuntza

Eraikin berriek aerotermia-sistema efiziente eta iraunkorra izango dute, izan ere, aldagelen eraikinaren teilatuan, eraikin berrietarako beroaren eta hotzaren zati handi bat hornituko duten 200 eguzki-plaka instalatuko dira.

Gainera, eraikin berriak euri-ura biltzeko eta instalazioetan erabilitako ura egokitu eta berrerabiltzeko sistema batez hornituta egongo dira.

Isolamendu termikorako gaitasun handia duten eraikinak izango dira, horien energia eskaria murrizteko asmoz. Eraikinek eguzkitik babesteko sistema aldagarria izango dute, eguzki-erradiazioaren baldintzetara automatikoki egokituko dena, eraikinaren barnealdeko beroketa murrizteko.

Eraikinak USGBC (United States Green Building Council) delakoaren LEEDS energia-eraginkortasun eta iraunkortasunari buruzko estandarraren arabera ziurtatuko dira.

Prestakuntza Zentroa

Muñatoizko jauregia, konpainiaren bulego nagusietako batzuen egungo egoitza, Petronorren prestakuntza-zentroa izango da.

Petronorren, urterik urte, 80.000 prestakuntza-ordu ematen dira batez beste, bereziki Segurtasunari eta Ingurumenari buruzkoak. Era berean, prestakuntza horrek beste hainbat esparru barne hartzen ditu; hala nola, informatika, metrologia, metroteknia, prozesu eta sistema aurreratuak, mekanizazioak, konponketak eta prestatze-lanak, besteak beste.

Petronorri buruz

Petronorrek urtean 12 milioi tona petrolio prozesatzeko ahalmena du, Espainiako findegirik handiena bihurtu delarik. Plantillan 940 langile dituela eta beste 6.200 pertsonarentzako zeharkako enpleguak eraginez, eskualdeko enplegu-sortzailerik handiena bilakatu da. Azken bost urteotan, 1.200 milioi euroko guztizko inbertsioak bideratu ditu.

Petronorrek Bilboko Portuko joan-etorri guztien % 40 baino gehiago eragiten du. Ekoizpenaren herena baino gehiago esportatzen du, hau da, Bizkaiko esportazio guztien % 18,21 edota Euskadiko ekoizpenaren guztizko balioaren % 9,7. Ogasunari egiten dion urteko batez besteko ekarpena 700 milioi eurotik gorakoa da, hots, Bizkaiko zerga-bilketa garbiaren % 10 baino zertxobait gehiago.