Repsol Gidak 40. urteurrena ospatu du

Juan Mari Arzak eta Josu Jon Imaz.
Eneko Larrabetzu eta Eneko Bilbao deritzen Eneko Atxa sukaldari zornotzarraren jatetxeek Repsol Eguzki bana jaso zuten atzo, Donostian antolatutako Repsol Gidaren 40. urteurreneko galan. Bi jatetxe hauek aurretiaz bi Eguzki bildu dituen Fernando Canalesen Etanobe Atelierrari gehitu zaizkio Bizkaian.

Euskadin, 53 jatetxek lortu dute Repsolen kalitate gastronomikoaren ikurra, eta hiru Eguzki dituzten jatetxe gehien dituen autonomia-erkidegoa da; zortzi, alegia.

Josu Jon Imaz Repsolen kontseilari ordezkariak berariaz nabarmendu du konpainia multienergetikoak Gidari eman nahi dion bultzada, aurten ospatzen ari den berrogei urteko ibilbidearen harira, eta omenezko eta esker oneko hitzak zuzendu dizkio Juan Mari Arzak sukaldariari, izan ere, honek sorturiko euskal sukaldaritza berria ere duela lau hamarkada hasi zen, tradizioa eta berrikuntza uztartuz:  “Juan Mari, zurekin hasi zen guztia”.