López Atxurra: “Petronorrentzat deskarbonizazioa eraldaketarako eta eboluzio teknologikorako indarra da”

Petronorren presidente Emiliano López Atxurrak ETBko ‘Egun on Euskadi’ saioan adierazi duenez,  energiaren arloa erronka historiko baten aurrean dago,  “produktu konbentzionalari, deskarbonizazioari eta iraultza teknologikoari lotutako”  eboluzioarenean, hain zuzen. Horren haritik, Petronorrentzat  “deskarbonizazioa mehatxua ez”  dela iritzi dio,  “indarra ematen duelako transformaziorako eta eboluzio teknologikorako”.  “Efizientzia energetikoa da, eta hori ardatz nagusietakoa da gure produktuan”, erantsi du.

Aurrera begira, “Europako mundu atlantiarreko findegi modernoena izatea da”  Petronorren helburua, “merkatuan produkturik onena duena”.  Eta hori lortzeko zutabe nagusiak enpresako “jendearen garra eta inbertsio teknologikoa”  dira. Testuinguru horretan, 2050era begira energiaren alorrean Europak egindako eskakizunak  “iraultza teknologikoa indartzeko eta azkartzeko”  baliatu behar direla esan du.

Petronorrek  “gizarteari aberastasuna ematen”  diola nabarmendu du López Atxurrak, eta administrazio publikoen babesa sentitzen duela gaineratu. Halaber, Repsolen konpromisoa ere goraipatu du:  “momenturik txarrenetan hor egon”  dela gogorarazteaz gain, enpresa horrek  “hemengo teknologia eta gaitasun industriala”  baloratzen dituela aipatu du,  “eta hori mugikortasun elektrikoan esaterako”  ikusi ahal izan dela.

Elkarrizketaren laburpena, hemen.