Barbaduneko amuarrainen bizitza

Barbadunaren ibaiadarretan, eta ibaian bertan ere, mareak ur gezak barneratzen uzten duenean, bizi da ibaietako erregea den arraiuna, amuarraina, hain zuzen ere (Salmo trutta fario).




Bikain egiten du igeri eta baita salto ere, familia berekoa den izokinaren bezala, eta oztopo altuak gainditzeko gai dira biak. Oso elikadura anitza du, krustazeoak eta arrain txikiak nahiz intsektuak jaten baitituzte.

Amuarrain arrunta gaueko animalia dela esan dezakegu, egunez, harrien artean edo ibaien ertzetan bizi baita, hango harkaitzek eratzen dituzten zulo edo babeslekuetan hain zuzen. Geldirik dagoen bitartean, ingurukoa zaintzen du arretaz, harrapakina noiz azalduko den zain. Arraintxo bat hurbiltzen bazaio, geldirik jarraitzen du harrapakina eskura duenera arte; orduan, haren gainera botatzen du bere gorputza eta atzeko buztanari bortizki eraginez. Gazteenek intsektu txikiak, zizareak, izanak eta zapaburuak jaten dituzten arren, kilo batetik gorako amuarrain handiek, ordea, mota guztetako animaliak harrapatzen dituzte, haien kumeak barne, oso jatunak baitira.

Leku estrategikoak

Amuarrainak ibaiaren leku estrategikoetan egoten dira eguneroko jana lortzeko eta indartsuenek lortzen dituzte lekurik onenak.

Ur hotzak eta oxigeno ugaridunak dituzte gogoko eta helduek hondo nahiko sakonak bilatzen dituzte negua erdi loak hartuta han igarotzeko. Izotzak desegitearen ondoriozko ura jaisten denean, beraien jarduerara itzultzen dira eta ibaira irteten dira berriro janari bila. Latitudearen arabera, lehenago edo beranduago esnatuko dira, eta uraren tenperaturen arabera ere bai. Europa erdian martxoaren eta ekainaren artean gertatzen da.

Ur-seaska

Urriaren erditik eta abenduaren bukaera partera arte, Barbaduneko amuarrainak, eta kantauri aldeko ibaietakoak araldian sartzen dira. Helduen papila sexuala handitu egiten da eta azala aldatu, bizkarreko ezkatak zein sabelaldekoak kolore beltzaxka duen jarioarekin estaltzen baitira.

Aldi horretan, erraz bereiz daitezke harrak eta emeak, harrak oratzeko haginak galtzen dituelako eta ezkon-hagin deritzen handiagoak ateratzen baitzaizkio. Aldi berean, beheko barailean kako moduko protuberantzia ateratzen zaio eta horrek itxura bitxia ematen dio.

Arrautzak errutera haiek jaio ziren ibaiaren lekura doaz guztiak, beraz, mailak eta korronte azkarrak gainditu eta ibaiaren iturrirantz doaz. Han, mendietako errekastoen sakontasun gutxiko ur garbi eta hotzetara iristen dira, eta haien oxigeno kantitate handiaren ondorioz, alebinak behar bezala garatzen dira eta bizirik irauten dute.

Harrek bi urterekin lortzen dute heldutasun sexuala, emeek baino urtebete lehenago.

Abendua, erruteko garaia

Azaroan edo abenduan, aranaldian dauden amuarrainak Mayor ibaiaren erruteko lekuetara iristen dira (Barbadun ibaiaren izena ur geza duen lekuan).

Ibaiaren iturrian egon ohi dira haiek eta hondoan area duten urmaelak dira. Oro har, emeak harrak baino lehenago iristen dira hara eta arrautzak erruteko leku egokienak hartzen dituzte. Harrak iristen direnean, emeek hondoko area eta lohia jasotzen dute buztanarekin egiten dituzten mugimendu bortzitzen bitartez, zulo zabal eta baxu bat egiteko.

Bata bestearen ondoan jartzen dira bikotekideak eta horrela egoten dira denbora luzez. Gaua iristen denean erruten dute. Emeak arrautzak kanporatu ahala, sabelaldearekin hondoko area eragiten duela, bere bikotekidea atzean jartzen da eta arrautzak ernaltzen ditu bere hazia gainera botaz. Sarri, eme bakar baten arrautzak ernaltzen har bat baino gehiago ikus daitezke. Poliandra horrek ez dakar beraien arteko bortizkeriarik, ordea. Errutearen eta eiakulazioaren arteko sinkronizazioa arrautzak irten ahala uretan hedatzen diren substantzia kimikoei esker lortzen da. Ernaldu ondoren, are geruza batek estaltzen ditu.

Erruteko hartxingarra ur-korronte batek estaltzen duen lekuak bakarrik erabiltzen dituzte amuarrainek, urak ernaldu gabeko arrautzak eraman ditzan, haiek gutxiago pisatzen baitute eta arearen azpian daudenek oxigeno nahikoa eduki dezaten. Kalkulatu denez, emeek 4 eta 5 milimetro arteko diametroa duten 1.500 edo 2.000 arrautza hori berdexka jartzen dituzte pisatzen duten kilo bakoitzeko.

trucha3Neke-neke eginda bukatzen duten amuarrainek arrautza guztiak errun ondoren, ur-korronteak haien jatorrira izultzen ditu, ibaian behera. Pixkanaka, urte bete beranduago izango den erruterako hasten dira prestatzen. Zenbaitek ez dute bizirik irauten errutearen ondoren, eta korrontean ikus daitezke flotatzen.

Uraren tenperatura egokia bada -12 grado-, arrautzak 35 egun ingurutan zabaltzen dira. Alebin txikiak zeharrargitsuak dira eta haien lehen egunetan elikatzeko erabiltzen duten zaku bitelinoa dute. Hondoko harrien artean ezkutatuko dira beste arrainen erasoetatik babesteko. Hasieran ia mugitu ere ez dira egiten, bularraldeko hegalak bakarrik mugitzen dituzte, oraindik ongi eratu gabeak. Pare bat aste beranduago, haien bizkarraldea eta alboak kolorea hartzen doaz eta urte bete beranduago, 10 zentimetrotik gorako luze dira. Hurrengo urtean, heldutasun sexuala lortzen dute. Orduan, 25 luze dira eta 150 gramoko pisua dute.

Barietate ugari

Amuarrainen barietateak oso ugariak direla eta, bi berdin ez daudela ere esan da noizbait. Hiru azpiezpezie daude, barietate garrantzitsuenak osatzen dituztenak: itsasoko amuarraina edo Salmo trutta trutta, ibai-amuarraina edo arrunta, Salmo trutta fario eta laku-amuarraina edo Salmo trutta lacustris; azken hori Euskadiko ur gezetan ez da bizi.

Kolore desberdinak dituzte barietateek eta baita ohitura desberdinak ere: itsasokoak bere bizitzaren zati bat itsasoan igarotzen du eta ibaira erruteko bakarrik itzultzen da. Arruntak, ordea, bere bizitza osoa bizi du ibaian, eta hartan gora eta behera mugitzen da, eta baita adarretatik ere, erruteko.

Laku-amuarraina lakuetan bizi da, eta ugaltzeko bakarrik irteten da handik. Horretarako, haren errekastoetatik igotzen da errekaren iturrira eta han erruten dituzte arrautzak.

Nola ezagutu?

Amuarrain arruntak edo ibaikoak gorputz fusiformea du, obala, luzatua, eta geruza txikiz estalia, 110 eta 125 bitartean, alboko lerroan.

Alboetan kolore berde argi horixka dute eta sabelaldea zurixka da, zilar kolorearen antzerakoa. Buruan, orban beltz biribilak dituzte, eta baita bizkarraldean, alboetan eta hegaletan ere, adiposoan zein isatsekoan ezik. Alboetan, laranja koloreko orbantxo distiratsuak ditu, perimetroa zuria dutenak, eta, sarri, aleta adiposoaren muturra ere laranja izaten da.

Ibai-amuarraina oso gaztea denean, 7 edo 8 cm besterik ez dituenean, pinto izokinak direlakoen antzeko kolorea izaten dute.

Amuarrainaren burua sendoa da eta, oro har, zapala, baina bi motatakoak daude, burua zapala dutenak eta burua puntan dutenak. Bere ahoa, luzea eta handia, izokinarena baino handiagoa da, bertikalaren masailezurraren atzeko muturra begiaren erdia gainditzen baitu erraz.

Hagintxo ugari ditu barailetan, behekoan gehienbat, eta baita bomerra eta mihia ere.

1.500 metrotik gorako urmaeletan bizi ohi diren amuarrainek 100 gramo inguru pisatzen dituzte eta 20 cm luze dira. Zenbait kasutan, amuarrain hauek 40 cm ere izan ditzakete eta ia bi kiloak pisatu.

Ibai handietan, 30 cm inguru luze dira eta 200 eta 500 gramo arteko pisua dute; sarri kiloa ere hartzen dute. Kasu bereziren batean, 90 cm eta 6tik 9ra kilora iristen dira.

BITXIKERIAK

trucha4Kolore desberdinak izan ditzake. Goi mendiko urmaeletako ur gardenetan bizi direnek kolore distiratsuagoak dituzte eta gorputzeko orban laranjak biziagoak. Baina, ibai handietan bizi direnek, ordea, kolore motelagoak dituzte. Sakontasun handiko lakuetan bizi direnak dira sabelaldean kolore urdinxka ilunagoa dutenak, baina alboetan zein sabelaldean zilar kolore biziagoa ere bai. Oro har, amuarrainaren kolorea adinaren, bizilekuaren, sexuaren, urteko sasoiaren eta abarren arabera aldatzen da. Ohikoena, bizkarraldean eta alboen goiko partean arre kolorea, berde-erreflexuekin da.