Laurogeita hamar lagun inguru, erdiak eskola umeak, bildu ziren atzo Muskizko Meatzari aretoan, XX. mendeko Athletic-aren erronkak direla eta eratutako mahai inguruan. Bi crack gonbidatuak, Joseba Etxeberria eta Fran Yeste, txaloz hartuak izan ziren.
Hitzaldiaren izenburuak besterik adierazi arren, duela 25 urte Athletic-ek lortutako sariak eta hurrengo asteazkenean san Mames-en jokatuko den finalerdiko partidua izan ziren, besteak beste, gehienbat eztabaidatu ziren gaiak.
Etorkizunari buruz, Etxebek Athletic-en filosofia azpimarratu zuen batez ere “oso garrantzitsua delako eta bereizten gaituelako”. Haren ustez, izan ere garrantzitsua da Lezamako harrobian ari diren jokalari gazteek jakitea “filosofia hau defenditzen dihardutela, hainbat balore alegia, zeure-zeurea den ideia bat, edozein emaitzaren gainetik”. Aldi berean, Yestek nabarmendu zuen zein garrantzizkoa den “Athletic-koa sentitzea”.
Atzoko hau izan zen 2009 urtean zehar Petronorrek antolatuko dituen mahai inguruetarik lehena.