Nuestro Athletic, haurrentzako ipuina gaztelaniaz, gaur aurkeztu da Lezaman. Fernando Garcia Macua eta Josu Jon Imaz, Athletic-en zein Petronorren presidenteez gainera, bertan izan dira Antton Irusta ipuinaren idazlea eta Enrique Morente ipuinaren marrazkilaria. Parte ere hartu dute Javi Martinez eta David Lopez jokalariek.
Petronorren laguntzaz argitara emandako ipuin-liburu hau aurretik euskaraz kaleratutako Athletic Geuria argitalpenaren erdal bertsioa da, Durangoko Liburu azokaren bezperetan, abenduan, aurkeztu zena eta honez gero 3.500 ale saldu dituena.
Athletic-aren istorio bat da, Muskiztik Bizkaia osora kontatua. Muskizko aitite batek bere biloba Nereari Athletic-aren historiaren ehun urteak kontatzen dizkio. Pichichirengandik hasi eta Joseba Etxeberriarenganarte, Zarra, Panizo eta Gainza barne, eta Gabarra tarteko.
Kontakizunean zehar Lezamako harrobi-futbolak eta Somorrostroko Juventud Deportiva taldeak sekulako garrantzia hartzen dute. Aldi berean, gero eta eragin gehiago dute neskek ere bai zelai-barruan eta baita kanpoan ere.
Balioak adierazten dituen liburua da. Ahaleginaren balioa, kementasunarena, jatorri-zentzuarena, ilusioarena, sendiarena, eskolarena, zaleena, lagunena…
Erdarazko lehen bertsio honek 2.000 aleren argitalpena izango du eta 13 euroren (BEZ barne) prezioan kaleratuko da. Elkarrek egingo du banaketa merkatuan, ohi dituen baliabideen arabera.