Petronorrek Euskal Erkidegoko argindarraren %3,8 ekoiztuko

Udazkenetik aurrera Petronorrek indarrean jarriko du amaitzear duen kogenerazio-proiektua. Guztira 83,6 milioi euroren egitasmoa, 43,09 MW argindar ekoizteko. Muskizko findegiak 49,13 MW sortarazten ditu gaur egun. Azarotik aurrera, berriz, denera 92,22 MW. Hau da, Euskal Autonomia Erkidegoan sortzen den argindar guztiaren %3,8.

Kogenerazioa esaten zaio energia termikoa eta energia elektrikoa aldi berean lortzeko sistemari. Petronorren findegi-prozesuan berotasuna sortzen da eta berotasun hori bere kasa alferrik galtzen utzi beharrean, hartaz baliatuz lortu ahal da aldi berean argindarra eta, ondorioz, energia-eraginkortasuna areagotu.

Kogenerazioa energia-errejimen bereziaren baitan argindarra lortzeko sei moduetako bat da, alegia, hondakinen tratamendua, biomasa, urtegiak, haizerrotak, eguzki-indarra eta kogenerazioa. Administrazio Publikoa sistema hauek  garatzearen eta suspertzearen aldekoa da, ez baitu alferrik prozesu honek energia-eraginkortasuna areagotzen, kontsumoa murrizten eta ingurumena babesten.

Euskal Autonomia Erkidegoan 472 MW eragiten dira gaur egun kogenerazioz, zeinetatik 49,13 MW Petronorrek sortarazten dituen. Hurrengo urteetan beste 44,18 MW ekoiztuko dira Euskal Autonomia Erkidegoan, eta euretatik 43,09 MW, hau da %97,62 Petronorrek eragingo du.