Fernando Garcia Macua Athletic Club-en lehendakariak gaur iluntzean eman dio Josu Jon Imaz Petronorren presidenteari klubaren urrezko zein brillantezko insignia. Ekitaldia San Mamesen izan da, Mallorcaren aurkako partida hasi aurretik eta bertan izan da Victor Pérez de Gezuraga ere, Petronorren zuzendari nagusia.
Garcia Macuak gogorarazi du ikur berezi hau eskaini nahi izana Athletic Club-en Zuzendari Batzarrak erabaki zuela, Josu Jon Imazek talde gorri-zuriarekiko agertu izandako “baldintzabako laguntza” jendaurrean “aitortu ahal izateko”, eta erakundearen “baloreen zabalkundearen onetan” egindako lan eskergagatik.
Josu Jon Imazek erantzun du “ohorea zein eskertu beharra Petronorrenak” direla eta azpimarratu nahi izan du, berriz, ez zaiola berari intsignia eskuratzeko batere meriturik zor, inori egokitzekotan Petronor enpresari berari dagokiola –langile guztiei, akziodunei eta zuzendaritza exekutiboari alegia– eta, hain zuzen ere, guztion izenean baino ez duela harako ikurra jasotzen.