Mikel San Josek badu lagunarterik Muskizen

Herri-agintariak, Athletic-en zuzendari eta jokalariak, Petronorren ordezkariak eta denetariko zaleak tarteko, pozarren aurkeztu zen atzo, Muskizen, Mikel San Jose Lagunartea. Sortu bezain laster, 50 lagun bildu zituen atzo bertan.

Mikel San Josek ez zuen azalpen handirik behar izan bertakoen zein kanpokoen aurrean frogatzeko zein ezaguna den Muskizen eta zenbat maite duten muskiztarrek. Nabarmen asko begi-bistan sumatu zenez, ez da zuri-gorri sena soilik, baita maitasun, adiskidetasun eta giro-kontua ere.

Ongietorria Txetxu Alonsok eta Gonzalo Riantxo alkateak eragin zuten, Lagunarte berriaren lehendakari eta idazkari nagusi lez, hurrenez hurren. Eta Mikelekin batera bertaratu ziren, besteak beste, De Marcos, Iturraspe, Jabi Martinez, Koikili, Aurtenetxe eta Raul jokalariak. Baita gure aspaldiko Koldo Agirre eta Jose Mari Argoitia ere.

Athleticen izenean, berriz, Fernando Garcia Makua lehendakaria eta, beronekin batera, Juan Pedro Guzmán, Emilio Prieto, Juan Manuel Delgado eta Jesus Aranzibia.

Petronorren ordezkaritzari dagokionez, berriz, Victor Perez de Gezuraga zuzendari nagusia eta Jose Luis Arredondo zein Begoña Romo lankideak.

Mikel San Jose Lagunartearen egoitza Dados taberna-jatetxean kokatuko da.

 

Argazki gehiago hemen