“Heziketa, Energia eta Iraunkortasuna” izango da hurrengo astean Muskizen hasiko diren II. Uda Ikastaroen gai orokorra. Hasiera-ekitaldi irekia astelehenean izango da, Meatzari Aretoan. Borja Liaño alkatearen hitzetan, helburua bat besterik ez da, alegia: “Muskiz Euskadiko Lanbide Heziketaren buruzagi eta erreferentzia izan dadin ahalegindu”.
Liañok aldi berean azpimarratu nahi izan du ezagutza sakondu eta gazte trebatuak prestatu beharra, ez baita alferrik “bertako jendea –eta are gehiago gazteria– edozein herriren altxorrik handiena”. Bere aldetik, Juanma Seco Uda Ikastaroen zuzendariak zera nabarmendu du: “ekimen aitzindari honen garrantzia Lanbide Heziketaren baitan”.
Bigarren edizio honek, beste hinbat babeslerekin batera, Petronorren laguntza izango du, berau izan zen-eta, hasiera beretik, ideiaren sortzaile eta sustatzaile.