2011-2012ko PETRONOR – REPSOL FUNDAZIOA LANBIDE HEZIKETAKO BEKEN AURKEZPENA

1998an, enpresako premien arabera egokiagoak ziren giza baliabideak eskatzen hasi zen Petronor. Lanbide Heziketa Arautuko hezkuntza-ingurunea aztertu ondoren, ageri-agerikoa zen gure ingurune hurbilenean gabeziak zeudela Lantegi Kimikoko Operadorearen arloko prestakuntzan. Hori dela eta, ahalegin handia egin behar izan genuen, prestakuntza hori lortu ahal izateko.

Petronorren ustez, hezkuntza-zentroen eta ekoizpen-sarearen arteko harremanaren ondorioz, lan-merkatuko eskakizunen araberako giza baliabide prestatuagoak eskaintzen zaizkie enpresei. Horrez gain, Petronorrek berak badaki horrela prestatutako giza baliabideek enpresen lehiakortasuna zein kalitatea hobetzen dituztela eta, azken batean, behar-beharrezko oinarria direla, aberastasuna sortzeko, garapena sustatzeko eta lanpostu berriak sortzeko orduan.

PETRONOR LANBIDE HEZIKETAKO BEKAK

2008. urtean, Petronorrek beste urrats bat eman zuen gazteak laneratzeko proiektuan, Petronor Lanbide Heziketako Beken Deialdiaren bidez Abanto-Zierbenako, Muskizko eta Zierbenako egoiliarren artean Lanbide Heziketako ikasketak bultzatzen hasi zenean. Beka horiei esker, gure inguruko gazteek erdi-mailako edo goi-mailako prestakuntza-zikloetan egin dezakete matrikula, konpainiak gehien eskatzen dituen espezialitateetan. Horrela, bada, laneratzeko aukera gehiago eduki ditzakete.

Hona hemen beka-planaren lau helburuak:

1.    Lehenengo eta behin, berehalako helburu moduan, Abanto-Zierbenako, Muskizko eta Zierbenako ikasleei ikasketak amaitzen laguntzea, betiere aurretiaz Lanbide Heziketa eta, batez ere, finketa-jarduerarako beharrezkoak diren espezialitateak aukeratu badituzte.

2.    Petronor bera euren ikasketetarako berezko aukera egokiena eta hurbilena dela gogoraraztea Lanbide Heziketako ikasleei.

3.    Hiru udalerrietan Lanbide Heziketa sustatzea eta oraindik zer ikasiko duten erabaki ez duten ikasleen artean aukera hori bultzatzea. Inguruko gazteek udalerrian bertan lan-aukera ona dutela jakin behar dute, behintzat.

4.    Gazteei dei berezia egitea, teknologia berriak garatzean eta jakintzaren gizartean ezartzean gaur egun Lanbide Heziketa eta finketa-jarduera ez direlako gizonen lan-arloko diziplina esklusiboak.

Ondoren, Petronorrek eta Repsol Fundazioak hiru deialdi egin dituzte (2008an, 2009an eta 2010ean), eta, guztira, 202 ikaslerentzako aurrekontua 623.000 eurokoa izan da. Ikasle horietatik, gainera, 28 emakumeak izan dira, eta “gizonentzakoak izan ohi ziren” espezialitateetan egin dute matrikula. Bi urteak kontuan hartuta, honako hauxe izan da udalerrien araberako banaketa: Abanto-Zierbena, 95; Muskiz, 89; eta Zierbena, 18.

Honako espezialitate hauek finantzatu ziren:

a) Erdi Mailako Prestakuntza Zikloa (EMPZ):

    * Mekanizazioa
    * Ekipo eta instalazio elektroteknikoak
    * Soldadura eta galdaragintza

b) Goi Mailako Prestakuntza Zikloa (GMPZ):

    * Proiektu mekanikoen garapena
    * Ekipo industrialaren artapena
    * Mekanizazio bidezko ekoizpena
    * Erregulazio eta kontrol automatikoetarako sistema
    * Telekomunikazio eta informatikako sistemak
    * Instalazio elektroteknikoak
    * Metalezko eraikuntzak
    * Fabrikazio mekanikoko ekoizpeneko programazioa

2011-2012ko IKASTURTEA

2011ko ekainean, Repsol Fundazioak eta Petronorrek beken programa berria aurkeztu dute, eta epea uztailaren 15ean amaituko da.

Deialdian bertan adierazitakoaren arabera, ikasturte honetan 78 beka emango dira guztira. Beraz, aurreko bi urteetako batezbestekoa baino handiagoa izango da kopurua. Honako hauexek izango dira zenbatekoak:

    *Erdi Mailako Prestakuntza Zikloak (EMPZ): 1.500 euro

    *Goi Mailako Prestakuntza Zikloak (GMPZ): 3.000 euro

Guztira, aurrekontua 215.000 eurokoa izan dela kontuan hartuta, irizpide orokorrak beken bidez bermatu nahi die jarraipena ikasten dabiltzan ikasleei, betiere kasuan kasuko maila gainditzen badute. Beken zenbatekoak eskuzabaltasunez estaltzen ditu zentro pribatuko irakaskuntzaren benetako kostuak, eta bere eragin soziala askoz handiagoa da, udalerrietako familia gehiagotara iristen delako. Aldi berean, pizgarri ekonomiko handia ere bada, ikasleek euren errendimendua hobetu eta maila gainditu dezaten.

Iaz bezala, deialdi honetan ere, EMPZko 2 ikasle onenek eta GMPZko 2 ikasle onenek 1.000 bana euroko bonus gehigarria jasoko dute, euren ahalegina onesteko.

Berritasun moduan, 2011-2012ko deialdi honetan, beken %5 ikasle elbarrientzat izango dira.

Beken helburu diren espezialitateak.-

Petronorrek eta Repsol Fundazioak honako ikasketa hauetarako bekak emango dituzte 2011-2012ko ikasturtean:

    a) Erdi Mailako Prestakuntza Zikloa (EMPZ):

    *Mekanizazioa
    *Instalazio elektriko eta automatikoak
    *Soldadura eta galdaragintza

    b) Goi Mailako Prestakuntza Zikloa (GMPZ):

    *Fabrikazio mekanikoko diseinua
    *Ekipo industrialaren artapena
    *Fabrikazio mekanikoko ekoizpeneko programazioa
    *Erregulazio eta kontrol automatikoetarako sistema
    *Telekomunikazio eta informatikako sistemak
    *Instalazio elektroteknikoak (2. maila)
    *Sistema elektrotekniko eta automatizatuak (1. maila)
    *Metalezko eraikuntzak

Izangaien betekizunak.-

Petronor – Repsol Fundazioa beketako izangaiek honako betekizun hauek bete beharko dituzte:

a)    2009ko maiatzaren 1a baino lehenagotik Abanto-Zierbenan, Muskizen edo Zierbenan bizitzea.

b)    Deialdian zehaztutako ziklo (EMPZ edo GMPZ) eta espezialitateren batean matrikulatzeko beharrezkoa den titulu akademikoa edukitzea.

c)    2010-2011ko ikasturteko bekako onuradunek matrikulatu zireneko maila gaindituta edukitzea.

Muskizen, 2011ko uztailaren 5ean