Baterako sorkuntzan, energia elektrikoa eta termikoa aldi berean sortzen dira errekuntzaren bitartez. Baterako sorkuntza eraginkortasun handiko prozesua da. Energia elektrikoa zentralean ekoitzi eta kontsumo-gunera eramateko eta energia termikoa premien arabera ekoizteko ohiko sistemaren aldean, energiaren aurrezkia %30ekoa izan daiteke.
Horrela, bada, airearen eta erregaiaren arteko errekuntza gertatzen da gas-turbinan edo ardatza mugiarazten duen motor alternatiboan, eta, aldi berean, energia elektrikoa ekoizteko sorgailua ere mugitu egiten da. Aldi berean, ihes-gasen bidez, lurruna sortzen da berreskurapen-galdaran. Era berean, sortutako lurruna energia elektriko gehiago ekoizteko ere erabili daiteke lurrun-turbinan.
Beraz, baterako sorkuntza lantegi lagungarria da, eta edozein kontsumo-sistematan (bizileku-eremuak, ospitaleak, merkataritza-zentroak…) edo lantegitan energia sortzeko dauden sistemetan dago integratuta. Integrazio hori behar bezala diseinatuta egon beharko da, instalazioa bera arrakastatsua izan dadin. Horrez gain, era guztietako konfigurazioak (gas-turbina vs motor elektrikoak, ziklo bakuna vs ziklo konbinatua) eta instalazioak energia-mota bakoitzean dituen premiak hartu beharko dira kontuan.
Baterako sorkuntzak badu abantailarik, bere eraginkortasuna handiagoa delako, faktura energetikoan aurreztean eta CO2ko igorpenak murriztean.
Bestetik, sorkuntza deslokalizatua denez, sarean zehar garraiatzeagatiko galera energetiko gutxiago daude, eta ez da linea elektrikoetan hainbeste inbertitu behar.
Baterako sorkuntza fidagarritasun handiko instalazioa denez, hornikuntza-bermea da, eta ez dago kanpoko faktoreen eraginpean. Horrez gain, sortutako energia erreaktiboa kontrolatzeko sistema daukanez, sare elektrikoko energia-galerak murriztu daitezke.
Baterako sorkuntza oso lagungarria izan daiteke enpresen kostu energetikoak hobetzeko. Beraz, enpresek euren errentagarritasuna handitu ahal izango dutenez, ez dira lekualdatu beharko eta ez da lanposturik galduko. Hain zuzen ere, lanpostuen 1,4 M eta industriako BPGren %90 baterako sorkuntzaren bidez lehiakortasuna hobetu dezaketen sektoreetan dago.
Baterako sorkuntzak oso eragin ona du gure herrialdeko ekonomian, 1.000 M € ingurukoa, alegia, aurrezki energetikoa, CO2ko igorpenen murrizketa eta banatutako sorkuntza elektrikoa kontuan hartuta.
Europan, energiaren %11 baterako sorkuntzaren bidez ekoizten da; eta, munduan, %9.
Espainian, 1.000 inguru instalazio daude, eta 6.000 MW sortzen dituzte, hau da, gure sorkuntza-ahalmenaren %6. Gainera, nahikoa homogeneotasunez banatzen dira lurralde nazionalean bertan. Sektore ekonomiko nagusia industriala da (%91), eta, bertan, hazkuntza-ahalmena %50etik gorakoa da PANERen arabera; eta askoz handiagoa, administrazio publikoaren arabera. Beraz, 25.000 MW-koa ere izan liteke.
Euskadin, baterako sorkuntza 380 MW-koa da, eta hiru lurraldeetan dago banatuta. Beraz, erkidegoko kontsumo elektrikoaren %12,4koa da.
Euskadin, 54.000 lanpostu daude lotuta baterako sorkuntzako sorkuntza-ahalmen handiko sektoreekin (urteko BPGren %20).
Espainiako baterako sorkuntzaren hazkuntza Europako batezbestekoa eta aurrezki energetikorako planetan aurreikusitakoa baino txikiagoa izan da. Hona hemen arrazoiak: batetik, gai teknikoak daude, baterako sorkuntza marjinala ez delako hasierakoa bezain erakargarria; bestetik, gai ekonomikoak daude, krisi finantzarioak eragina eduki duelako eta zenbait prozesuren errentagarritasunaren inguruko segurtasunik ez dagoelako; eta, azkenik, ekoizpen-araubide berezian sartzeko zehaztutako potentzia-mugekin lotutako legegintza-gaiak ere badaude.
Administrazioak arauketaren zein prezioen inguruko ziurgabetasuna murriztu behar du, inbertsio-prozesuen etorkizuneko errentagarritasuna nolakoa izango den jakin ahal izateko. Baterako sorkuntzako turbinak berritu behar dira, %70ek 15 urte baino gehiago edukiko dutelako 2015. urtean.
Europar Batasunean, Baterako Sorkuntzaren Jarduera Sustatzeko 2004/8/EE Zuzentaraua dago, eta, PANERen (Energia Berriztagarrien Plan Nazionalean), parkea handitzeko eta berritzeko aurreikuspena egin dute.
Esparru horretan, Petronorreko finketa-jarduera kostu energetikoen baldintzapean dago erabat, guztizkoaren %63koak dira-eta.
Horrez gain, CO2 gutxiago sortu beharra dago, ingurumenagatik eta horrekin lotutako kostuengatik.
2008. urtean, Petronorrek hobekuntza energetikorako kanpaina jarri zuen abian, eta CO2 murrizteko ezohiko inbertsioak onartu zituen. Era berean, baterako sorkuntzako bigarren unitatea ireki zuen 2010eko abenduan.
Petronorreko baterako sorkuntzako bi lantegiak industria-guneko ekoizpen energetikoan daude integratuta. Sortutako energia elektrikoak industria-gunearen kontsumoa estaltzen du, eta %30 sarera esportatzen da.
Petronorreko lantegiek gas naturala erabiltzen dute erregai moduan, ingurumenaren ikuspegitik onena den alternatiba, alegia.