Muskiz FP-ren II. Uda-Ikastaroen amaiera

Muskiz FP-ren II. Uda Ikastaroak amaitu ziren atzo, “Europa 2020 estrategia eta energiaren jasangarritasunaren sorreran” jaurdunaldiarekin batera. Besteak beste, petrolioaren etorkizuna, bere eratorriak, gure eguneroko bizitzan duen garrantzia eta  hurrengo hamarkadetan izango den energia-ekoizpena izan ziren gairik nagusienak. Horrez gainera, Euskadi 2020 Energiaren Plan Estrategikoa egiteko jarraitzen ari diren oinarriak  jakinarazi ziren, Europako 20-20-20 Estrategiaren ildotik.

Esther Lete  EHUko Kimika Organika katedradunak etorkizunean petrolioak izango dituen erabilpenen zein eratorrien berri eman zuen, eta hainbat molde eta eratako polimeroak bereziki nabarmendu. Harrigarri gero zenbat diren petrolioa oinarritzat duten produktuak eta zein eragin handia duten gure eguneroko bizitzan zehar..

Jose Maria Montserrat Petronorreko Ingeniaritza eta Mantenu-zerbitzuetako zuzendariak Kogenerazio Plantak izan zituen aztergai, energia ekoizteko prozesu iraungarriak diren aldetik batez ere. Aldi berean energia elektrikoa zein termikoa lortzen dituen prozesua da kogenerazioa. Montserratek zioen bezala “eraginkortasun handikoa da, ohiko sistemarekin alderatuz %30eko energia-aurrezpena eta CO2ren isuri-murriztapena dakartzana”. Petronorrek aspaldi ekin zion energia-hobekuntza honi eta CO2aren isuriak murriztearen alde egin du sekulako apostua. Findegiaren beraren kontsumo-eskabidea asetzeko lain izateaz gainera, sare elektrikora %30 beste esportatzen du.

Gonzalo Molinak (UPV-EHU) “Europa Estrategia 20-20-20” delakoa zertan den azaldu zuen eta klima-aldaketari erantzuteko nahiz haren ondorioei aurre egiteko dauden neurrien berri eman, beti ere C02 isuriak murriztuz eta energia berriztagarriaren aldeko apostua eginez.

Azkenik, Xabier Garmendia Eusko Jaurlaritzaren Industria eta Energia sailburuordeak 3E2020 deritzon energiaren egitasmo estrategiko berria  burutzeko gogoan hartu diren  oinarriak  jakinarazi zituen. Garmendiaren iritziz, “petrolioaren kontsumoa zein menpekotasuna murriztea da erronkarik nagusiena, berriztagarrietara iritsi ahal izateko gas naturala bitartekotzat erabiliz”.