“Trueba” Enkarterrietako dokumentazio eta dibulgazio guneak, Pobeña Auzolaguna taldearekin batera eta Muskizko udalaren babesaz, auzo muskiztarraren meatzari iragana gogorarazi zuten atzo.
Hirugarren urtez, Pobeñak bere meatzari iragana gogorarazi zuen, XIX. mendearen amaieran mea-garraioa nola egiten zen aurkeztuz. Oletara burdina eramateaz Castro Urdialesko Cantu Santa Ana ontzia arduratu zen.
Hainbat eszenatoki izan ziren garai horretako bizitzaren eta lanbideen isla: tabernariak, garbitzaileak, artisauak, nekazariak, abeltzainak, okinak… 100 pobeñatar baino gehiago izan ziren beraien guraso eta aiton-amonak omendu zituztenak.
Aurten, lehen aldiz, berreskuratutako batelen erakusketa egin dute dagokion antzezpenarekin batera eta Euskal Bateleroen Elkarteko batelari taldea (lau arraunlari eta patroi zein lemazain bana) honetaz arduratu da.