Julio Caro Baroja antropologoak esaten zuenez, Euskal Herriak historian zehar izan dituen une garrantzitsuei begiratzen badiegu, argi ikusten dugu ezen, itsasoari begi jarri izan garenean eta ontzi horretan poparean joaki jardun izan dugunean, garai oparoak izan direla gurean; aldiz, dena delakoagatik, itsasoari bizkar eman izan diogunean, krisiek gehiago egin izan digute beti.
Inoiz ere ez da egokia izaten gai zehatz bat ikuspegi orokorregi batetik begiratzea, eta are gutxiago itsaso arloko kontuez ari garelarik, zeren eta gaiok, azaletik behintzat, eragin bera izan baitezakete Kantauriar Isurialdean zein Arabako lautadan; baina, tokiko interesak gorabehera, argi dago zenbait jarduerak eta ekimenek aurrerabide-aroak ekarri izan dituztena; horietan aipatzeko modukoak dira, besteak beste, Amerikaren aurkikuntza, balea-arrantza, Bilboko Kontsulatua, burdinaren esportazioa eta ontzigintza-industria. Ostera, argi dago, baita, Amerikako abenturaren gainbeherak, arrantzaren beheraldiak, geure erakundeak galtzeak edo baserria mitifikatzeak ekonomiaren apalaldi-zikloak eragin izan dituztena.
Dena den, Julio Caro Baroja aditu argitsuaren hitzak egiazkoak badira, ondoko hau izango litzateke galdera nagusi zehatza: oraingo une honetan, itsasoari begi gaude ala bizkar ematen ari gatzaizkio? Are, zer esan nahi du XXI. mendean itsasoari begi ibiltzea? Zer eragin izango luke hari bizkar emateak?
José María Arizmendiarrieta jaunak, Euskal Herriko kooperatiba mugimenduaren ideologo eta bultzatzaile nagusiak, esaten zuenez, “bizitasunaren seinalea ez da irautea, ernaberritu eta egokitzea baizik”. Hots, arrakastaren gakoa ez datza historiaren atzerako ispiluan begiratzean eta beti gauza berari eusten temati saiatzean; garai berrietara moldatu eta egokitzeko gai izatea da gakoa.
Ziur aski, gaur egun, Zierbenako jende gehienaren gogoak ez du zerikusi handirik izango Ameriketara emigratzeko beharrarekin; era berean, gaur zeharo arrotz egiten zaigu aitak etxetik kanpo itsasoan luzaroan eta amaigabe egon behar izatea, burdin mea harat-honat ibiltzen ikustea edo norberaren erakundeak uztea. Aitzitik, halabeharrez, Zierbena itsasoari begi dago egun ere, bere gisara eta modura.
Zierbena itsasoari begi dago egun, itsasoa baita Bizkaiaren eta Euskal Herriaren eremu estrategikoetako bat. Izan ere, eta hain zuzen ere, itsasoaren ondo-ondoan edo itsasoan bertan lehenago pentsaezinak ziren jarduerak bultzatzean datza gure etorkizuna: aisia sustatzea, turismoa bultzatzea edota energia sorraraztea.
Eta, traineru barruko lanaren irudiko, Zierbenak lankidetza du abiaburu, elkarlana du eragile, talde-baloreak aintzat hartzen eta bereganatzen dituen gazteriaren aldeko apustu sendoa eginez. Eta itsasoari begi, poparean, egiten du hori guztia. Alegia, beti hortxe izaki, bila ibili diren guztiei aukera onak uneoro eskaini izan dizkion itsaso zahar bezain gazte horri begi.
Víctor Pérez de Gezuraga
Petronorren zuzendari nagusia