Muskizko XXIX. Azokara 4.000 pertsona inguru hurbildu ziren atzo. Beste urteekin alderatuz gero, ez lar asko, euriak jaia lainotu zuen eta.
Etenbako zaparradak ez ziren eragozpen izan muskiztarrak azokara joan zitezen, ez eta inguruko auzotarrentzat ere. Ordiziako Udalak utzitako 100 standetan uzta bakoitzeko onena erakutsi zen: barazkiak, lekaleak, txakolina, eztia, gaztak, ogia, tartak… eta zelaira gerturatuz gero bertako animaliak zein exotikoak ere ikusi zitezkeen: ardiak, behiak, astoak, indioilarrak, llamak, zebrak eta baita gameluak ere.
Txapelketei dagokienez, Zallako Domingo Txabarri izan zen Bizkaiko Txakolinaren Urrezko Domina lortu zuena. Zaldi-lehiaketan, ostera, Muskizko Roberto Rodriguezek sari bi jaso zituen: eskualdeko kategorian Sira behokarekin eta bertokoan Dama behorrarekin.
Bitartean, frontoian tokiko nekazaritzaren sustapen azoka izan zen.
Argazki gehiago, hemen.