Pozalaguako Leizeak, Repsol Gidaren “2013ko Txokorik Onena”, bere bisita errekorra lortu du Aste Santuan. Ostiralean, apirilak 18, mila pertsona baino gehiagok Karrantzako gune paregabe hau bisitatu zuten.
Pozalagua ezagutzeko bisitak %85ean areagotu ziren 2013an, Repsol Gidaren Txapelketan, “2013ko Txokorik Onena” bilakatzeagatik lortu zuen zabalkundeari esker eta bere estalaktita bitxiengatik. Aurten ere gero eta pertsona gehiago dira Karrantzara gerturatzen direnak gune berezia ikustera. Pozalaguak bere historiaren Aste Santurik onena izan du; egun bakar batean, apirilaren 18an, mila bisitari baino gehiago izan zituen, errekor guztiak gaindituz.
Kataluniarrak, madrildarrak, kantabriarrak, gaztela-leondarrak, euskaldunaz gainera, leizearen bisitari nagusiak izan dira. Pozalaguak, Aste Santuan zehar, bisita gidatuen kopurua bikoiztu behar izan du baita ordutegia luzatu ere, jende ugari gerturatu baitzen.
Gainera, Rafa Arriola Karrantzako Udalaren zinegotziak Aste Santuan zehar abian jarritako ekimen aitzindaria azaldu du: “Herriko ekoizleek beraien artikuluak saldu dituzte Pozalaguan. Saiakuntza honen helburua, epe ertain-luzean, leizearen eraikuntzaren barruan nekazaritzako elikagaiak saltzeko denda irekitzen saiatzea da, lehenengo sektoreko ekonomia sustatzeko asmoz”.