Repsol Fundazioaren Energia Eraginkortasuneko Gizarte Adierazlea puntu bat hobetu da

Repsol Fundazioak, Energiaren Euskal Erakundearen (EEE) egoitzan, Energia Eraginkortasunaren Repsol Gizarte Adierazlearen ondorio nagusiak azaldu ditu, Energiaren Behatokiaren esparruan egina. Emaitzak César Gallo Repsol Fundazioaren presidenteordeak aurkeztu ditu. Bere ondoan Pilar Urruticoechea, EEEko zuzendari nagusia, eta Andreu Puñet, Petronorreko kontseilari eskuordea, izan ditu.

Energia Eraginkortasuneko Repsol Gizarte Adierazlea tresna aitzindaria da. Gizarte ikuspegi batetik neurtzen du herritarrek nola atzematen duten energia-eraginkortasuna, eta plan eta neurri egokiak diseinatzen laguntzen du. Lan-metodoaren barruan, adituei elkarrizketak egiteaz gain eta analisi bibliografikoa egiteaz gain, estatu mailan telefono bidezko makro-inkesta egin da, 4.364 herritarrekin, 10 focus group-ekin eta early adopter-ei 14 elkarrizketa.

EAEko emaitzak

EAEko Energia Eraginkortasunari dagokionez, hona hemen emaitzarik garrantzitsuenak:

•    Energia Eraginkortasunaren 2013ko Repsol Gizarte Adierazleak Euskal Autonomia Erkidegoan aurten 62,26 puntu eman ditu, 100 puntutik, hau da, 2011ko adierazlea baino puntu bat gehiago.

•    Herritarraren kontsumoa (etxekoa nahiz autokoa) estatuko energia-eskaeraren ia %40 den arren, herritarrak ez du ikusten bere eguneroko kontsumoak duen erantzukizuna energia-eraginkortasuna hobetzeko orduan.

•    Euskal Autonomia Erkidegoan, herritarren %61ak gastuak murriztu ditu edo energia aurrezten saiatu da krisiaren ondorioz. Estatuan, berriz, portzentajea %75 da.

•    Euskal biztanleriaren %81ak uste du krisiak eragin handia izan duela gizarteak energiaren kontsumoan dituen ohitura edo jarreretan. Herritarrik gehienek (%94) espero dute krisiaren ondoren kontsumo ohitura arduratsuak mantentzea.

•    Herritarrak bost talde handitan sailkatu dira, krisiak beraiengan eragina izatearen arabera eta energia-gastuak murriztu izanaren arabera: Eraginik jaso ez dutenak (%14), eroso bizi direnak (%30), kontzientzia duten aurrezleak (%7), eusten diotenak (%16) eta, azkenik, behartuta aurrezten dutenak (%33). Behartuta aurrezten dutenen portzentajea, EAEn, %13 txikiagoa da estatukoena baino.

•    Behartutako aurrezleek energia-gastua murriztu behar izan dute krisiaren ondorioz: %82a gastua kontrolatzen saiatzen da, %88ak etxean ohiturak aldatu ditu, %76ak garraio ohiturak aldatu ditu eta %60ak aurrezten du, erosotasuna galdu behar badu ere.

Gomendioak

Egindako lanaren ondorioz, Repsol Fundazioaren Energia Behatokiak 16 gomendio egiten ditu, energia-eraginkortasunaren gizarte erronkari aurre egiten laguntzeko. Besteak beste:

•    Herritarrak mobilizatzea eta inplikatzea, energiaren ziklo osoa ulertzen laguntzen duten ekintzekin.

•    Mitoak eta mugak haustea, teknologia eraginkorragoekin lortu ahal diren etekin zehatzei buruzko informazioa eta kontzientzia zabalduz.

•   Eragile guztien arteko baterako eta koordinatutako esfortzua, enpresa handiek gizartearen eskaerari erantzun behar diotelako eta aldaketaren motor izan behar direlako.

Bestalde, Pilar Urruticoechea Energiaren Euskal Erakundeko zuzendari nagusiak adierazi du erakunde horrek erabateko konpromisoa daukala Euskadin energia-eraginkortasuna hobetzeko. Horregatik, nabarmendu du beste eragile batzuekin lan egitea oso garrantzitsua dela, sektore guztietan jarduketak egiteko. Testuinguru horretan sartu du Petronorrekin eta Repsol Fundazioarekin egindako lankidetza, datorren asteartean, hilak 29, energia-eraginkortasunari buruzko jardunaldia elkarrekin antolatzeko.

Hain zuzen ere, Andreu Puñet Petronorren kontseilari eskuordeak nabarmendu du “energia-eraginkortasunaren” ideia nahiko berria den arren, gizarte terminoetan, Petronorren ADNan dagoela sorreratik bertatik. Horrela, azken berrogei urteetan, lehengaia inola ere gehitu gabe, gutxiago kutsatzen duten eta balio erantsi handiagoa duten produktuen sorrera etengabe gehitu da, iraunkortasun eta energia-eraginkortasun handiagoen printzipioak aplikatuz.

Energia-eraginkortasunari buruzko jardunaldia

Aurkezpen honek Energia Eraginkortasunari buruzko Jardunaldian aztertuko diren gaietako batzuen berri emateko balio izan du. Jardunaldia bihar, apirilak 29, egingo da Euskalduna Jauregian, Repsol Fundazioak, Petronorrek eta Energiaren Euskal Erakundeak (EEE) antolatuta.

Jardunaldian 100 profesional baino gehiago elkartuko dira, energia-eraginkortasunari lotutako neurrien ezarpena aztertzeko eta ekintza-estrategien garapena aztertzeko asmoz, beraien ezarpena gizartearen eremu guztietan sustatzeko.

Ekitaldiak bi eztabaida mahai izango ditu. Mahai horietan energia-eraginkortasunaren gaia ikuspegi tekniko eta sozialetik aztertuko da.

 

Bilbon, 2014ko apirilaren 28an