Athletic Clubek 2014-2015 denboraldirako Nike janzkera berria estreinatu du. Kamiseta gorri-zuriak iazkoa baino marra bertikal meheagoak ditu orain eta bigarren janzkera berdea da.
Athleticek denboraldi honetan eramango duen kamiseta gorri-zuriaren marrak meheagoak dira, lepo borobil eta beltza dauka, ertz zuriarekin, eta mahuka gorriak ditu, eskumutur beltz eta ertz zuriekin. Lehen janzkeraren galtzak beltzak dira, albo bakoitzean marra gorriarekin eta galtzerdiak ere beltzak dira.
Bigarren janzkera berdea da, sorbaldak gorri eta eskumutur zuriak ditu, ertz gorriekin. Pikodun lepoa ertz gorria dauka aurrealdean eta zuria atzealdean. Galtzak zuriak dira, alboetan marra gorri meheekin, eta galtzerdiak gorriak dira.
Atezainaren janzkera guztiz urdina da eta mahuketan marra hori bana dauka.
Esan beharra dago kamiseta ofizialek lepoaren atzealdean eta barrualdean ikurrina daraman etiketa dutela. Gainera, bi janzkerek Petronorren logotipoa eramango dute bularrean eta BBK-rena ezkerreko mahukan. Europako txapelketetan, aldiz, BBK-ren ikurra eramango dute soilik bularrean.