Repsol Fundazioak, Petronorrek eta SPRIk hurrengo ostegunean, urriaren 16an, Zamudioko Zientzia eta Teknologia Parkean, topaketa eta eztabaida jardunaldi bat egingo dute, “Energia eta Ekintzailetza” izenburupean. Bertan izango dira Estibaliz Hernáez (Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lehiakortasun Sailburuordea), César Gallo (Repsol Fundazioko presidenteordea) eta Andreu Puñet (Petronorreko kontseilari delegatua).
Jardunaldia profesionalei zein ekintzailetza sustatu nahi duten pertsonei dago zuzenduta, honako hauekin arreta berezia izanik: unibertsitate eta lanbide-heziketako zentroak, garapen eta lan-munduan txertatzeko agentziak eta negozio-ideia berrien bultzatzaileak. Ekitaldia hiru ataletan egituratuta egongo da, aztertu beharreko alderdi bakoitzaren gainean eztabaida errazteko: ekintzailetza teknologikoko eragileen esperientzia, haztegi erakundeen laguntzari esker sortutako enpresak, eta ikerketaren garrantzia negozio ideien garapenean.
Iñaki Tellecheak, SPRIko Enpresa Sustapen zuzendariak, moderatuko du lehendabiziko mahaingurua. Mahainguru horretan aztertuko da teknologiaren esparruan ekintzailetza bultzatzen duten erakunde garrantzitsuenetako batzuen jardunbidea. Erakunde horiek dira, besteak beste, Repsol Fundazioa, Mondragon Unibertsitatea edota BIC Gipuzkoa Berrilan, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailaz gain.
Topaketaren bigarren zatia bideratuta egongo da ekintzailetza bultzatzen duten organismoengandik (haztegiak) laguntza jaso duten enpresen esperientziak ezagutzera. Beroriek enpresa baten sorkuntza-prozesua azalduko dute. BEAZeko zuzendari nagusia den Juan Diegok gidatuko du eztabaida, eta bertan arituko dira Powertrack, Evolgene (Repsol Fundazioaren Ekintzaileen Funtsak hazitakoak), Graphenea (BIC Gipuzkoa Berrilanek hazitakoa), Power Quality Control (BEAZek hazitakoa) eta Digimet (Tecnaliak hazitakoa) enpresetako ordezkariak.
Azkenik, enpresen jardueran ikerketak duen presentziari eta garrantziari buruzko azterketa batekin itxiko da ekitaldia. Mahainguru horretan parte hartuko dute Javier Escobalek (Gaiker IK4-ko Ekintzailetza Saileko arduraduna), Asier Rufinok (Tecnalia Ventureseko zuzendari nagusia), Fernando Tempranok (Repsoleko teknologia zuzendaria) eta Iñaki Largok (UPV/EHUko Enpresekiko Harremanen zuzendaria). Javier García-Tejedor (Tecnalia Research & Innovation-eko Energia eta Ingurumen Saileko Negozio Garapen zuzendaria) izango da aipatu mahainguruko moderatzailea.
Bilbon, 2014ko urriaren 13an