Zamudion elkartutako enpresek eta profesionalek energiaren sektorea azpimarratu dute ekintzailetzaren “abangoardia” izateko

Repsol Fundazioak, Petronor-ek eta SPRIk Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean antolatu duten “Energia eta Ekintzailetza” jardunaldian parte hartu duten enpresek eta profesionalek adierazi dutenez, energiaren sektorea ekintzailetzarako aukera-iturri oso garrantzitsua da. Ekintzailetza sustatzen duten erakunde dinamizatzaile, zentro akademiko eta hainbat erakundetako kide diren 100 pertsonak baino gehiagok parte hartu dute ekitaldi honetan.

Estibaliz Hernáez Eusko Jaurlaritzako Teknologia, Berrikuntza eta Lankidetzarako sailburuordeak inauguratu du jardunaldia eta ekintzailetza sustatzeko euskal sistema oso indartsua dela eta “eragile aktibo asko dituela” azpimarratu du. Dena den, gaineratu duenez, “ekintzailetza sustatu nahi bada, prozesua erraztu behar da, hortaz, koordinazio handiagoa behar da”. Bestalde, Euskadik ideia berriak garatzeko “industria- eta teknologia-testuinguru oso egokia” duela azpimarratu du. 

Sailburuordearekin batera, Repsol Fundazioko lehendakariordeak, Cesar Gallo jaunak, eta Petronor-eko kontseilari delegatuak, Andreu Puñet jaunak, parte hartu dute inaugurazioan, eta “ekintzailetza sustatzeak” duen garrantzia azpimarratu nahi izan dute.

Jardunaldiaren lehen zatian mahai-inguru bat antolatu da eta EAEn ekintzailetza teknologikoa sustatzen duten hainbat eragile dinamizatzailek parte hartu dute. Enpresen sorrerari buruz mundu-mailan lortutako datu estatistikoak aurkeztu dira, eta datu horiek ikusita, Euskadik gaur egun duen egoerari buruz eztabaidatu da. Zenbaiten ustez, Innobasque-ren zuzendari orokorra den José María Villate jaunaren ustez, adibidez, “Euskadin berritzaileak gara ekintzaileak baino gehiago”. Beste batzuen ustez, haatik, datuak ikusita esan daiteke EAEko enpresa-ideiak “seriotasun handiagoarekin lantzen direla, izaera iraunkorrago batekin”.

Ondoren, jardunaldian parte hartu duten pertsonek negozio-ideia berriak sustatzen dituzten erakundeetan “inkubatuta” dauden hainbat enpresaren esperientzia bertatik bertara ezagutu ahal izan dute. Besteak beste, BEAZ, Repsol Fundazioaren Ekintzaileen Funtsa, BIC Gipuzkoa Berrilan eta Tecnalia enpresen esperientziak ezagutu dituzte. Enpresa berri horien ordezkariak bat datoz esatean inkubagailuen finantzaketa eta horiei laguntzea “funtsezkoa dela proiektuaren etorkizuna ziurtatu nahi bada”.

Amaitzeko, ikerketaren garrantzia eta enpresetara egin beharreko translazioa izan da azken eztabaidaren ardatza, eta bertan azpimarratu dutenez, “teknologia ekonomia bihurtzea ez da ez agerikoa ez hutsala”. Zentzu horretan, proiektu sinesgarri baten eskutik “munduratzeko” gakoarekin asmatzeak duen garrantzia azpimarratu dute.


Bilbo, 2014ko urriaren 16a

Argazkiak, hemen.

Bideoa, hemen.

Bideoa Youtuben, hemen.

El Correon jardunaldiari buruz argitaratutako gehigarria, hemen.