Arartekoak ez dauka erasota Petronorren ezelako ingurumen-urratzerik izan denik

Jarduneko Ararteko Iñigo Lamarcak Legebiltzarrean adierazi duenez, ez dauka erasota Petronorren Ingurumen Baimen Bateratuaren (IBB) arloan inolako urratzerik gertatu denik.

Iñigo Lamarcak Legebiltzarrean azaldu duenez, 2013 eta 2014. urteetan zehar, auzotarren elkarte batzuek eta elkarte ekologista batzuek erreklamazioak aurkeztu zituzten Arartekoak ordezkatzen duen erakundean, findegi honen jardunbidearekin loturik dauden zenbait gorabehera salatze aldera. Kexa horien beste arrazoi bat ondokoa izan da: euskal administrazioak zeharo atzeratu izana Petronorren jarduerak osasun eta ingurumen alorretan izan ditzakeen eragin kaltegarriei eta ingurumen-kontrolaren arloan modu zuzenagoan esku hartzeko mekanismorik ezari buruzko informazioa ematen.

Egungo ikuskapen-sistema arautegiari doitzen zaiola aitortu du Lamarcak, baina aurretiaz ezarri gabeko ingurumen-ikuskapenak egitea ere proposatu du, isurketen, zarataren eta usain txarren gaineko salaketak ahalik eta arinen ikertzeko xedez. Horrezaz gainera, Petronorren jardueraren ingurumen-kontrola gauzatzeko mahaia eratzearen alde agertu da; mahai hori Eusko Jaurlaritzak sustatuko luke, eta mahai horretan enpresaren ordezkariek eta findegiaren inguruneko elkarte ekologistek eta auzotarren elkarteek jardungo lukete.

Gaur egun abian jarrita dago Aholkularitzarako Panel Publikoa, bai Abantoko Udalerrian eta bai Muskizko Udalerrian ere; bilgune horretan, enpresaren zuzendaritzak eta auzotarren elkarteen ordezkariek elkarrizketa lantzen dute, elkarri informazioa emanez.