Petronorrek eta Tecnaliak segurtasun sistema garatu dute, mantentze lanen ondoriozko etenaldian zehar, gune konfinatuetan lanean dauden pertsonak lokalizatzeko.
Proposatutako irtenbidearen helburua geldialdian zehar enpresaren garbiketa eta mantentze lanetan inplikatutako pertsonen segurtasuna bermatzea da. Tecnaliak proposatutako sistemak benetako denboran langile guztien lokalizazioa ahalbidetzen du, hala, larrialdirik badago inor gune jakin batean geratu ez dela ziurtatuko da edo, beharrezkoa bada, pertsona hori lokalizatuta edukiko da, ebakuatu ahal izateko. Proposatutako irtenbideak bi IKT sistema errepikakor dauzka eta, ondorioz, langilea beti antzeman ahal izango da, ziurtasun osoz.
Lehen sistema gune konfinatuen sarreran dauden haririk gabeko kontaktu txarteletan oinarritutako sarbide kontrola da. Baimendutako langile bat antzematen denean, abisu bat bidaltzen da sistema nagusira, langilea espazio konfinatuaren barrura sartu dela jakin dezan.
Bigarren sistema barrualdeetako geoposizio sistema bat da, haririk gabeko teknologiadun balizak erabiltzen dituena. Hala, langilearen arropan edo osagarrietan (kaskoan edo eskumuturrekoan, esaterako) sartzen diren gailu miniaturizatuen bidez, langileak antzeman daitezke. Langileak antzemandakoan, balizek sistema nagusiari pertsona horren posizioaren berri ematen diote, 3G bidez.
Sistema horren ondorioz, Petronorrek mantentze lanak egiten dituzten pertsonen segurtasuna berma dezake, era automatizatu eta egonkorrean. Une honetan, gailuak proben lehen fasean daude. Behin betiko diseinu ergonomikoa proiektuaren bigarren fasean finkatuko da.
Prentsa Oharra, hemen.