Konbertsio etenaldirako eta A esparrurako baliabide pertsonalak eta pertsonen segurtasuna indartzen duten materialak eskuratu ditu Petronorrek. Prebentzioa industria-sektorean funtsezkoa denez, pertsona guztiek beren segurtasuna eta haiekin daudenen segurtasuna bermatzen duten laguntza-baliabideekin lan egin behar dute. Helburu hori lortzeko, Segurtasun Materialerako Dibisioa sortu du Petronorrek.
Zer da Segurtasun Materialerako Dibisioa?
Segurtasun ekipamendurako dibisioa Drager enpresako Moisés Chanfreutek, Pedro Toralesek, Gerard Pascualek eta Aitor de la Cruzek kudeatzen duten biltegia da. Biltegi horretan, geldialdian lan egiteko beharrezkoak diren segurtasun-baliabideak eta ekipamendua dituzte langile guztiek. Ekipamenduak alokatuta uzten dira, 24 ordurako. Eguna igarotakoan Drager enpresari itzuli behar zaizkio, eta han arduratzen dira ekipamenduen mantentze-lanez: saneatzea, garbitzea…berriro erabil daitezen.
Zer segurtasun-material eskaintzen dituzte?
Dibisioaren barruan, besteak beste gas-neurtzaileak, gasak neurtzeko balizak, arnasa babesteko ekipamendu autonomo eta erdiautonomoak, erreskate-tripodeak, segurtasun-arnesak, komunikazio-igorgailuak, bozinak, txilibituak, baliza zutoinak, soldadura-maskarak, Atex haizagailuak eta bestelako ekipamenduak dituzte langileek eskura.
Nola bideratzen dira alokairuak?
Langile batek lan egiteko berariazko segurtasun-materiala behar duenean Petronorrek emandako baimen batekin joan behar da dibisiora, beharrezkoak diren ekipamenduak har ditzan. Eskatutako gauzak langilearekin lotutako barra-kodean kargatzen dira, eta dena informatika-sistema batean erregistratuta geratzen da. Horren bidez, alokairuak kudeatzen dira. Beraz, segurtasun-materiala kontrolatzeaz gain, langileek gehien eskatutako produktuak zein diren adierazita geratzen da. Gaur egun, arnas erdiautonomoko ekipamenduak eta gasak neurtzeko balizak dira erabilienak. Horri esker, Petronor eta Drager enpresek ongi kudea dezakete behar den segurtasun-ekipamenduen kopurua, inoiz falta ez daitezen.
Dibisio berri hori geldialdia amaitu arte egongo da irekita, eta Petronorek laneko istripuen prebentzioaren eta findegiko langile guztien segurtasunaren alde egindako apustu irmoaren erakusgarria da, zalantzarik gabe.