Muskizek euskal industriarentzako energia erreferente berrien inguruko jardunaldia izango du

Datorren ekainaren 25ean euskal industriarentzako energia erreferente berrien inguruko adituen jardunaldia izango da Muskizen, Muskiz FP Uda Ikastaroen barruan.

Somorrostro Irakas-guneak eta Muskizko Udalak, Forlanen bidez, Muskiz FP Uda Ikastaroen seigarren edizioa antolatuko dute ekainaren 15etik uztailaren 10era bitartean. Lanbide Heziketa, energia, enplegua eta iraunkortasuna izango dira ikastaro hauetan landuko diren gai nagusiak. Gainera, ekainaren 25ean euskal industriarentzako energia erreferente berrien inguruko adituen jardunaldia izango da. Euskadiko instituzio zein enpresa arloetako izen oneko profesionalak parte hartuko dute, Kultura Etxean, goizeko 9:15etan hasi eta 13:00etan amaituko den, topaketa honetan.

Pilar Urrutikoetxea EEE-ren zuzendari nagusiak eta Juan Manuel Seco Muskiz FP Uda Ikastaroen zuzendariak jardunaldia ireki eta aurkeztuko dute. Ondoren, Luis de Velascok (EVE) hitzaldiei hasiera emango die euskal industriarentzako energia erreferente berriei buruz mintzatuz. Jarraian, Juan Andres Diez de Ulzurrun Enagaseko ingeniaritza zuzendariak hitza hartuko du gas naturalaren ekoizpen eta ustiapen aurreikuspenak aurkezteko. Javier Garcia Perez Iberdrolaren wikinger proyect business director-ak Offshore energia elektrikoaren inguruan hitz egingo du. Joanes Maiza Goienerren presidenteak elektrizitatearen merkaturatzea sorkuntza banatuarekin azalduko du. Ostean, Iñigo Arrizabalaga (Telur) Geo-trukaketaz mintzatuko da eta Ismael Aranda, EEEren industria arduradunak jardunaldia itxiko du instalazioetan eraginkortasuna lortzeko klabeak aipatuz.

Nahiz eta sarrera doakoa izan, izena eman behar da hurrengo posta elektronikoan: info@muskizfp.com