Petronorrek 22,833 milioi euroko inbertsioa onartu du FCC unitateko (krakeatze katalitikoa) bi konpresoreak berritzeko. Gaur egun Repsoleko kontseilari delegatua den Josu Jon Imazen ordez Emiliano López Atxurra kontseiluburu izendatu eta gero Muskizko findegiaren administrazio kontseiluak erabaki duen lehenengo inbertsio nagusia da, eta Petronorrek 2011n Koke Planta (FMU) inauguratu zuenetik Euskadin ingurumen arloan egindako inbertsiorik handiena.
Konpresore berri horiek teknologia berriez eta azken belaunaldiko kontrolez hornituta daude. Fidagarritasuna nabarmen hobetuko dute, mantentze kostuen jaitsiera adierazgarria ekarriko dute, eta kanpoan eragina duten gorabeherak gutxituko dituzte. Inbertsio hori dela medio, energia kontsumoaren beherakada handia izango da, urtean 36.000 tona FOE (fuel-olio baliokide) baino gehiagokoa, eta horrenbestez atmosferarako CO2 igorpenean urtean 80.000 tonatik gorako murrizketa lortuko da. Kopuru hori auto batek 420 milioi kilometro eginda botatzen duenaren parekoa da.
Aldaketarik garrantzitsuena, ikuspegi teknikotik, konpresore horiei eragiten dien sistemaren aldaketa da; izan ere, gaur egun lurrunezko kondentsazio-turbinak dira, eta aurrerantzean motor elektriko bana izango dute. Lurrunezko turbinen sistematik motor elektrikodun turbinetara egindako urratsak dakarren berrikuntzari esker, %80ko eraginkortasun energetikoa lortuko da. Egungo zikloaren eraginkortasuna %29koa da.