Petronorrek ia 100 milioi eurotan hobetu du ustiapeneko emaitza

2008an hasitako krisiaren eraginez, eta ustiapeneko kontuaren emaitzak hurrengo urteetan gero eta txarragoak zirela ikusita, lehiakortasuna hobetzeko plana sortu zen 2013aren amaieran. Plan horren bidez ahalegina egin nahi zen eraginkortasuna handitzeko, prozesuen hobekuntza operatiboak eginez eta gastuei eutsiz. Planari Petronor Barria deitu zitzaion, eta sei ardatz ezarri zitzaizkion: kultura aldaketa, prozesuen optimizazioa, instalazioen erabilgarritasuna handitzea, eraginkortasun energetikoa, segurtasun eta ingurumen arloetako proaktibotasuna, eta egoera ekonomiko-finantzario kaskarraren hobekuntza.

Planaren emaitzak agerian geratu dira 2014ko ustiapeneko emaitza ia 100 milioi eurotan hobetzean, eta sekulako eragina izan dute gure enpresa-kulturan, gauzak ikusteko eta erakundean jarduteko modua ezbaian jarri beharra dagoela erakutsi baitute.

Hobekuntza garrantzitsu hori gorabehera, PETRONORREN 2014ko emaitza garbia -65,5 milioi eurokoa izan da, ia 132 milioiko ondare-galeren ondorioz, izan ere petrolio gordinaren prezioak %50 baino gehiago egin baitu behera urteko bigarren seihilekoan. Itxieran izan duen kotizazioa 55 $/bbl izan da, azken sei urteetako mailarik beherena. Hala eta guztiz ere, 65,5 milioi euroko emaitza negatibo horrek %25 hobetu ditu 2013ko 87,5 milioi negatiboak.

2014ko ekitaldiko gertaera geopolitikoek prezioetan eta marjinetan izan duten eraginak eta hazkunde ekonomikorako aukerek urtean zehar izan duten bilakaerak markatu dute 2014ko ekitaldia. Azken urtean bi seihileko bereiz daitezke; lehenengoan prezioak eta dolarraren kotizazioa nahiko egonkor ibili dira, eta bigarrenean, berriz, produktuen prezioaren beherakada kontrolgabea eta Amerikako diruaren sendotasuna nabarmendu dira.

Amiltze horrek bi arrazoi izan ditu: gehiegizko eskaintza, petrolio ez konbentzionalen ekoizpen handiagoak eragindakoa, eta eskariaren murrizketa, euroguneko hazkundearen geldialdiaren eta Latinoamerikako nahiz Asiako herrialdeetako dezelerazioaren ondoriozkoa.

Fintze-marjinak, Europan, gehiegizko fintze-ahalmen instalatuaren ondorioak jasaten jarraitzen du, baina lehengaiaren prezioaren beherakadari esker 1,5 $/bbl baino apur bat gehiago hobetu da 2013ko mailarekin alderatuta.

Gure jarduera nabarmen handitu da aurreko urtekoaren aldean, eskuragarritasun handiari eta prozesatutako petrolio gordinen dieta aldaketari esker. Ia 10,0 milioi tona petrolio gordin eta bestelako lehengai prozesatu dira. Beraz, %14ko gehikuntza lortu da, aurreko urtean 8,7 milioi tona prozesatu baitziren.

Une bereziki zail hauetan, gure jardueraren iraunkortasuna izan behar dugu erronka nagusia. Pertsonen eta instalazioen segurtasunak, ingurumenak eta gure inguruan sortutako itxaropenen errespetuak gidatu behar dituzte gure erabakiei eutsiko dieten printzipioak.

 

Bilbon, 2015eko ekainaren 17an

 

*Zifra koadroak erantsitako dokumentuetan (PDF eta DOC)