Andreu Puñet: “Oraingo Petronorrek ez dauka batere zerikusirik orain dela 15 urte eskaseko findegiarekin”

Andreu Puñet Petronorren kontseilari delegatua.
“Produktuek lehengo izen bera dute, gasolina edo gasolioa esaterako, baina ingurumenean duten eraginak ez dauka batere zerikusirik lehengoarekin. Adibidez, gasolinek orain ehun aldiz sufre gutxiago daukate orain dela 15 urte baino, eta dieselak, berriz, hirurehun aldiz gutxiago”, esan du Andreu Puñet Petronorreko kontseilari delegatuak, gaur goizean Bilbon egin den berrindustrializazioari buruzko jardunaldian.

Energia sistema jasangarria eta ingurumen aldetik arduratsua aldarrikatzen duten eskakizun politiko eta sozialei dagokienez, Andreu Puñetek mugarri batzuk azpimarratu ditu, hain zuzen ere eraginkortasun energetikoa, CO2 emisioen murrizketa eta findegiko erregai gisa fuel-olioaren ordez gas naturala erabiltzea. Hori guztia etengabeko berrikuntzaren eta milioi askoko inbertsioen emaitza izan da.

Negozio alor berrien dibertsifikazioa dela eta, kontseilari delegatuak gogora ekarri du findegia 1968an sortu zela Santurtziko zentral termikoa hornitzeko, eta, beraz, produkzio osoaren %60 fuel-olioa zela. Gaur egun, berriz, fuel produkzioa apenas den %10, koke-instalazioan 850 milioi euro inbertitu eta gero.

Andreu Puñeten hitzetan, “bai findegiak bai fabrikatzen dituen produktuek beti berdinak ematen badute ere, oraingo Petronorrek ez dauka batere zerikusirik, ez inbertsioen aldetik, ez instalazioen teknologiaren aldetik, ez produktuen aldetik, ez ingurumen-estandarren aldetik, orain dela 15 urte eskaseko findegiarekin”.

Haren iritziz, etorkizunari begira funtsezko hiru erronka daude: teknologia, jakintza, berrikuntza eta erakundeko pertsonen profesionaltasuna baliatzea; hornitzaileekin eta eragile zientifiko-teknologikoekin batera elkarlanean jardutea; eta inguruko bizilagunen sostengu iraunkorra jasotzea.