Muskiz Eskubaloi Klubak bere babesleak omentzeko eta eskerrak emateko kanpaina abian jarri du, “laguntzen gaituztelako, denboraldiz denboraldi, kluba aurrera eramaten. Inguruan jakinarazi nahi dugu eta gure sare sozialen jarraitzaileen artean ere nortzuk diren laguntzen gaituztenak, hazten jarraitzeko”, azaltzen du Jose Antonio Jimenez Klubaren zuzendaritza batzordeko kideak.
Petronorrek 90. Hamarkadatik babesten du Muskiz Eskubaloi Kluba, 91/92 denboralditik hain zuzen ere. Union Deportiva Muñatones izenarekin hasitako klubaren hastapenak gogoratzen, Jose Antonio Peña presidenteak anekdota gisa hurrengoa aipatu du: “egun hauetan, duela 48 urte, kluba kudeatzen hasi zen hemen Muñatones Jauregian; paradorea zenean. Paradorearen zuzendariarekin eta Francisco Gomez Yarritu Muskizko alkatearekin batzarra izan genuen, klubaren oinarriak finkatzeko”.
Paula Garcia, Susana Gabancho eta Marta Belloso Zilarrezko Ohorezko Dibisioko emakumezkoen taldeko jokalariak Jose Antonio Jimenez eta Jose Antonio Peñarekin batera izan ziren erregalua ematen. Gualber Atxurra Findegiaren Erakunde Harremanetako teknikariak oparia jaso zuen Petronorren izenean.