Bizkaiko Foru Aldundiak plataforma bat sortzearen aldeko apustua egin du, hots, Energiaren Adimen Zentroa – Energy Intelligence Center (EIC), Euskal Herriko ekosistema energetikoari balioa emango diona ikuspegi industrial eta teknologikotik. Sektorea eraldatzen lagunduko luke eta jasangarritasunaren eta Eraginkortasunaren erronketara egokitzeko tresna modura funtzionatuko luke. “Bizkaia energiaren eta industriaren alorrean erreferentea izatea lortu behar dugu eta orain lortu behar dugu, sektorea errotik eraldatzen hasi delako. Eraginkorragoak izateko, ingurumena gutxiago kaltetzeko eta horniduraren segurtasuna areagotzeko aldaketa da. Energiaren eta automobilgintzaren alorrean ditugun ahalmenak koordinatu behar ditugu; aurrera egin behar dugu balio-katean, teknologia baliatuz eta gure produktu propioa garatuz; eta sektore honen lidergoaren alde borrokatzeko ahalmena duen irtenbide bat taxutu behar dugu”, nabarmendu du Unai Rementeriak.
Ekimen berri hau abiarazteko, Bizkaiko Foru Aldundiaren esanetan, mugikortasun jasangarria da garatu beharreko lehenengo bektorea; izan ere, Euskal Herriak ahalmen garrantzitsua du automobilgintzaren industrian eta energiaren alorrean eta Petronor erreferentziazko enpresa traktorea da. Zentzu horretan, López Atxurrak adierazi duenez, “hitzarmen hau sinatu ostean, Petronorrek beste behin erakutsi du lankidetzan aritu nahi duela, herrialde honen eta bereziki Bizkaiaren etorkizuna sendotzeko. Petronor oil&gas merkatuko ikuspuntuei erantzuten dien ezagutza eta lehiakortasun-estrategiak partekatzeko eta Bizkaiko hiri sisteman mugikortasun jasangarriaren helburuak betetzen laguntzeko prest dago”.
Urtebeteko indarraldia izango du hitzarmenak. Hala ere, findegiko presidenteak adierazi duen legez, “luzatu egin ahalko da, bi alderdiek hala adostuta”.
Argazkiak, hemen.
Bideoa, hemen.