Liburuaren aurkezpenean zehar Garikanok transformazioa nobelaren abiapuntua dela aipatu zuen, “baina ez da transformazio erabatekoa, Gregor Samsak bere gizatasuna mantentzen du. Protagonistak beste pertsonentzako bizi da, bere buruaz ahazten da, eta hor dator gainbehera eta aurkitzen du bere burua zomorro bihurturik, nortasun berriarekin, eta lehenengo aldiz jartzen da bere buruari begira. Kontzientzia hartze bat dago” . Gainera Kafkak “geure fantasmak ateratzen eta irudizko mundua azaleratzen” zuen trebetasuna azpimarratu zuen, “gehienok gure beldurrak ditugu, eta Kafkak azaleratzen ditu”.
Xabier Kintana liburuaren lehen itzultzaileak bere mintzaldia Kafkaren biografian eta idazteko moduan oinarritu zuen. Bere iritziz, Kafkak “idazteko ezohiko modua zeukan, absurdoa azaltzeko sentsibilitate berezia zuen. Metamorfosia oso liburu interesgarria da, kutsu autobiografikoak dituena, gorabehera handiko pertsona baitzen”. Ildo beretik bigarren bertsioaren itzultzaileak, Rufino Iraolak, hurrengoa esan zuen: “bihotzaren esanetara jartzea batzuetan beharrezkoa da, liburua zerbait berezia zeukan, zegoen sistema eta gizartea salatzeko modua, bere indarra, barrutik mugitu ninduen eta itzultzera animatu ninduen. Ezina eta nahiaren paradigma da Metamorfosia”.
Hitzaldia amaitu baino lehen Anton Garikanok itzulpengintza asko aldatu dela gogoratu zuen, “digitalizazioarekin lana erraztu zaigu. Tresna asko daude eta arinago egiten da, baina zorrotzagoa ere bada. Hirurok gure borondaterik onena jarri dugu Metamorfosiaren itzulpenean”.
Bilbo Zaharra Euskaltegiak antolatzen duen Forum-aren barruan dagoen mintzaldi honetaz gainera, Angel Lertxundi idazle eta itzultzaileak “itzulpena, bidai baten itzulera” hitzaldia eskaini zuen atzo, eta gaur, 19:00etan, Xabier Olarrak eta Joxe Austin Arrietak James Joyceren “Ulysses” liburuaren eta Marcel Prousten “Swann-enetik” idazlanaren itzulpenaz mintzatuko dira Euskaltzaindiak Bilboko Plaza Berrian duen egoitzan.