Petronor prest dago bihar abiarazteko bere historiako geldialdi handiena

  • Koke Plantari, 2. zenbakiko Findegiari eta Bihurketa Eremuko Huts Unitateari eragingo die, eta bai garrantzi txikiagoko eta atxikitako beste unitate batzuei ere.
  • Sei astean, plantillako ohiko langileak ez ezik, batez beste 1.000 langile baino gehiago ere hartuko ditu Petronorrek egunero, eta egun batzuetan 2.000 inguru izango dira.
  • Findegian antolaketa lan handi eta bizia egin dute aurretik, eta, besteak beste, aparkaleku berriak egokitu dituzte.
  • Inguruko jatetxeetan, guztira, 50.000 menu ematea espero dute, eta Petronorrek horretarako beste hainbeste banakako mahai zapi prestatu ditu, geldialdiari aipamena egiten diotenak.
  • Horrez gain, informazioa emateko 12.000 eskupaper argitaratu dira, aparkalekuetara iristeko 2.500 kokapen plano, informazio plakak eta beste euskarri batzuk, hala nola inguru horretako Bizkaibusen markesinetan jartzeko kartelak.

 

Petronorrek geldialdi orokor bat hasiko du bihar, Koke Plantari, 2. zenbakiko Findegiari eta Bihurketa Eremuko Huts Unitateari eragingo diena, eta bai garrantzi txikiagoko eta atxikitako beste unitate batzuei ere. Guztira, geldialdiak Muskizko instalazioen hiru laurdenetan izango du eragina, eta, ordu/gizon terminoetan, 1968an enpresa gisa sortu zenetik, Petronorren historian egin den geldialdi handiena izango da.

Enpleguaren eta jarduera ekonomikoa sortzearen ikuspegitik, 55 enpresa inguru kontratatuko dira, eta haiek, lan desberdinak egin ahal izateko, egunean 1.000tik gora langile jarriko dituzte Petronorren agindura. Hain zuzen, zenbait egunetan 2.000 langile ere izango dira. 55 enpresa horietatik, gutxi gorabehera, %50 Euskadikoak dira. Langile guztiek, bai Petronorreko ohikoek bai eta aldi baterakoek ere, berariazko prestakuntza hartu dute segurtasun arloan.

Petronorrek antolaketa lan handi eta bizia egin du aurretik, eta, besteak beste, aparkaleku berriak egokitu dira Petronorren lursailetan. Horrez gain, garraio kolektiboa prestatu du, bertako langileak ibilgailu pribatua erabiltzera behartuta ez egotea errazteko, erraztasunak eman ditu geldialdian hornitzaile izango direnek ere errazteko garraio kolektiboa euren langileen artean eta aurreikusita du Muskizko Area hondartzan aparkaleku alternatiboa jartzeko 5.000 metro koadro baliatzeko baimena lortzea.

Halaber, tokiko administrazioekin eta ostalaritzaren arloko elkarteekin bildu da. Inguruko jatetxeetan, guztira, 50.000 menu ematea espero dute, eta Petronorrek horretarako beste hainbeste banakako mahai zapi prestatu ditu, geldialdiari aipamena egiten diotenak.

Horrez gain, informazioa emateko 12.000 eskupaper argitaratu dira, aparkalekuetara iristeko 2.500 kokapen plano, geldialdiaren logotipoa duten 2.000 bolaluma, informazio plakak eta beste euskarri batzuk, hala nola inguru horretako Bizkaibusen markesinetan jartzeko kartelak.

Beste alde batetik, newsletter edo informazio buletin bat egiten da bi egunetik behin, Petronorren webgunean argitaratuko dena, geldialdiari buruzko informazioa eta unean uneko albisteak emateko.

Guztira, 49 milioi euro inguruko aurrekontua beharko da, eta haietatik 23 milioi geldialdiaren beraren berariazko mantentze-atalerako beharko dira eta beste 26 milioiak berrikuntza teknologikoko inbertsioei egokituko zaizkie.

Findegiak instalazioak berrikusiko ditu eta, gainera, jarduera etenda dagoela baliatuko du inbertsio berriak egiteko eta azken teknologiak, berrienak, sartzeko bertako prozesuetan. Horrek guztiak bi helburu argi hauek izango ditu: segurtasuna eta berrikuntza, Petronorrek pertsonekin eta beren ingurunearekin duen konpromisoaren emaitza moduan.

Eraginkortasun energetikoan eta igorpenak murriztean egin dituen berariazko hobekuntzez eta segurtasun eta ingurumen arloetako inbertsioez gainera, urtero 32 milioi euro inguruko aurrekontua ari da izaten Petronor etengabeko mantentzerako.

Kopuru horri gehitu behar zaizkio, batetik, ohiz kanpoko mantentzerako aurrekontuak, gutxi gorabehera lau urtean behin egiten dena hainbat urtetarako geldialdien edo geldialdi orokorren ondorioz, eta, bestetik, berrikuntzak ezartzeko egiten diren inbertsioak, oil&gas alorrean azken belaunaldi teknologikoek une bakoitzean eskaintzen dituztenak.

Koke Planta edo Fuel Olioa Murrizteko Unitatea

Geldialdi orokor honek barnean hartuko du Koke Plantaren lehen berrikustea. Koke Plantak, hain zuzen, 1.0006 milioi euroko inbertsioa ekarri zuen, inoiz Euskadin egin den industria inbertsio handiena. Hari esker, Petronorrek drastikoki gutxitu du fuel olio ekoizpena eta balio erantsi handiagoa duten eta gizarteak gehiago eskatzen dituen produktuena handitu du, adibidez, propano, butano, gasolina eta gasolioarena.

Lanek, gainera, 2. zenbakiko Findegiari eta Bihurketa Eremuko Huts Unitateari eragingo diete, eta balioko dute dorreak, ontziak, labeak, segurtasun balbulak, makinak, tresneria eta azpiestazio elektrikoak berrikusteko, instalazio multzo osoaren hobekuntza inbertsioak egiteko eta azken berrikuntza teknologikoak barnean hartzeko.

Inbertsioen xehetasun teknikoa

Geldialdia egin bitartean, Petronorrek inbertsio garrantzitsuak egin behar ditu, eta haien artean hauek nabarmendu behar dira:

  • Instalazioen eraginkortasun energetikoa hobetzea, tximinien keak hoztearekin lotutako inbertsioen bidez eta haien ondoriozko energia aurrezpenaren bidez.
  • Tresnerien fidagarritasuna hobetzea: bero-trukagailuak ordeztea eta biltegi batzuk trukatzea, material iraunkorragoak dituzten beste batzuk jarrita.
  • Eguneratze teknologikoa: kontrol elektronikaren zati bat ordeztea eta goi teknologiako itxitura mekanikoak kokatzea.
  • Gasolinak eta H2 ekoiztea handitzea, beste produktu batzuen balioa handitzeko bidea ematen duten prozesuetan.
  • Konpresore berriak instalatzea.
  • Mantenibilitatea hobetzea: tresnerien barnean sartzeko ahoak kokatzea, ikuskatzea errazteko, eta barneko bideak aldatzea, haietara igarotzea hobetzeko.
  • Inspîre programan onartutako proiektuak instalatu eta abian jartzea.

Berrikuntza: Inspîre programa

Koke Plantaren geldialdia aukera aproposa izango da Ikerlan eta Gaiker zentro teknologikoek aurkeztutako bi proiektuak instalatu, abiarazi eta haien erakustaldi praktikoa egiteko. Zehazki, bi proiektu horiek Inspîre berrikuntza programaren barnean daude, Petronorrek antolatutako programa kanpora hautsa igortzeko arriskua ekiditeko.

Hartara, diseinu fasea gaindituta, egokitzeko beharrezkoak diren elementuak eginda, bi prototipo teknologikoen instalazioa, bakoitza dorre batean, Fuel Olioa Murrizteko Unitatearen geldialdi orokorra baliatuta egingo da.

Era berean, Tecnaliarekin elkarlanean garatutako segurtasun eskumuturrekoak lehenbiziko aldiz erabiliko dira industria mailan. Eskumuturreko horiek, hain zuzen, ahalbidetzen dute langileak gune konfinatuetara sartzea kontrolatzea.

Hori guztia Repsolen Zentro Teknologikoaren ikuskatzearen pean egingo da, hari baitagokio Repsol Taldeko findegien esparruan etengabe saiatzen eta esperimentatzen diren industria teknika berri hauek eta beste batzuk balioduntzea.

Segurtasuna, ingurumena eta berrikuntza

Petronorrek prozesu guztietan aplikatzen den industria segurtasuneko metodologia bat du. Pertsonak dira segurtasuna bermatzen dutenak, egindako protokoloak aplikatuta. Horretarako, jakina, prestakuntza eman zaie, bai bertako langileei bai eta geldialdirako espresuki kontratatutakoei ere. Petronorren ustez, segurtasuna lehentasuna eta konpromisoa da.

Bere aldetik, enpresa esleipendun bakoitzak segurtasuneko eta laneko segurtasuneko bere ikuskatzea eduki behar du, eta, aldi berean, ikuskatze hori Petronorreko segurtasun arduradunek balioduntzen dute.

Hori guztia, Petronorrek ISO 14001:2015 ingurumen kalitateko ziurtagiria eskuratu duen testuinguru orokor batean. Ziurtagiri hori, hain zuzen, Lloyds Registerrek bermatzen du nazioartean. Hartara, Muskizko findegia lehena izan da Repsol Taldean arauan bilakaera handiena izan duen ziurtagiria lortzen.

Hain justu, ISO 14001 arauaren (2015eko azken bertsioa) ekarpen esanguratsuenetako bat da bizi zikloaren ikuspegia kontuan hartzea, arriskuen kudeaketa eta ingurumen arloan aritzea hobetzea.

Petronorri buruz

Petronorrek urtean 11.000.000 tonako ekoizpen ahalmena du, eta Espainiako findegi handiena da. Plantillako 940 langileri ematen die lana, eta 6.200 pertsonako enplegu induzitua du. Azken bost urteetan, guztira 1.200 milioi euroko inbertsioak izan ditu kontuan.

Petronorrek eragindako zirkulazio fluxua Bilboko Portuaren mugimenduaren %40 baino gehiago da. Bere ekoizpenaren herena baino gehiago esportatzen du, eta hori, hain zuzen, Bizkaiko esportazio guztien %18,21 da eta Euskadiko ekoizpenaren %9,7ko balio osoa.

Ogasunari egiten dion batez besteko ekarpena 800 milioi euro ingurukoa da urtean, hau da, Bizkaian bilduriko garbi osoaren %12 baino gehiago.