Roberto González Apellániz: “Gure lehentasuna segurtasuna da eta horri dagokionez ez dugu akatsik onartzen”

Roberto González Apellániz.
Robertok Industria Ingeniaritza ikasi zuen Bilbon eta 27 urte daramatza Petronorren lanean. 1990eko martxoaren 1ean sartu zen, eta findegiko arlo guztietan prestakuntza jaso zuen txandakako lanean, E txandan. Urtebete geroago, Kontrol Aurreratuetako Sailean teknikari lanetan hasi zen. 1997an Ekoizpenera pasatu zen eta 1. eta 2. findegietako ikuskatzaile lanetan ibili zen. Hala, Sail horretako arlo guztietan lan egin zuen. G4 Unitatea martxan jartzeko arduraduna ere izan zen, eta berak adierazten duenez “sekulako esperientzia profesionala izan zen”. Gero, 2007an, Energia eta Efluenteen Saileko buru izendatu zuten, eta 2011n Sail hori desagertu eta gero, Konbertsio Saileko buru izan zen. 2014an Kontrol Aurreratuetara bueltatu zen (gaur egun Optimizazioa eta Kontrola), eta 2016an berriz ere Konbertsiora itzuli zen. Atal horrek jasan ditu hain zuzen ere une honetako geldialdiaren ondorioak.

-Nahiz eta 2015ean Konbertsioko Geldialdi Orokorra egin zen, unitate batzuk berriz ere berriztatzen ari dira geldialdi honetan…Zergatik?

Konbertsioko aurreko geldialdian unitate batzuk ez ziren gelditu: Hustutze-unitatea (V3), Kogenerazioa (CG6), Azufre planta (SR6) eta Utilities (U3). Unitate horiek URF-ra lotuta daudenez, orain dute dagokien Geldialdi Orokorra.

– Zein hobekuntza egiten ari dira unitate horietan?

Mantenimendurako ekipamenduen prestaketan, hustutze-dorrean (V3-T-1) eta 3 zuzi-sisteman garbiketa kimikoak egin dituzte, segurtasuna gehituz eta gelditze-denborak gutxituz.

Hustutze-dorre horren barnean, barneko aldeak aldatu dira destilakinen eta dorrearen arteko banaketa hobetzeko.

Baina garrantzitsuena “geldialdiak bereiztearen” proiektua da: orain Konbertsio Unitate guztiak gelditu behar izan dira, ez bakarrik Geldialdi Orokorra dutenak, Utilities ekipamenduen mantentzea egiteko: zuzia, lurruna, aire konprimitua…FCC eta Alkilazio unitateak, besteak beste. Hobekuntza-proiektu honetan zuzia, lurruna, aire konprimitua eta abarren kolektore berriak jarri dira. Horiei esker, bereizita gelditu ahal izango dira Konbertsio Unitateak eta URF-ra beste baten bitartez atxiki direnak.

-Geldialdia aprobetxatuz, Konbertsioko sistema berri edo proiektu berritzaileren bat ezartzen ari dira?

FCC unitatearen konpresore biak aldatzen ari dira. Konpresore zaharren mugimen-elementuak kondentsazio-turbinak ziren, eta horien ordez motore elektrikoak jarri dira, eraginkortasun energetiko askoz ere gehiagokoak. Konpresoreak ere berriak dira, eta aurrekoek baino eraginkortasun energetiko handiagoa dute: edukiera erregulatzeko sistema du bakoitzak; C-1 konpresoreak IGVs deituriko sistema bat du, konpresoretik sartzen den airea erregulatzen duena; C-2 konpresoreko sistema Vorecom deitzen da eta konpresorearen abiadura erregulatzen du, bere edukiera doituz.

-Nola ari dira gauzatzen arlo horretako geldialdi-lanak?

Mantenimendu-lanak bukatzen ari gara, eta unitateak martxan jartzeko lanak prestatzen ere bagabiltza. Hasiera batean, dena zuzen doa, bai mantenimendu-lanak, baita Eraikuntza Sailetik bideratzen ari diren inbertsio berriak ere.

-Nola bizi duzu lehenengo aldiz geldialdia Konbertsioko buru bezala?

Nire lehenengo geldialdia da Konbertsioko buru bezala, baina beste asko bizi izan ditut 1&2 Findegien Sailean eta Energia eta Efluenteen Sailean. Sail horretan parte hartu nuen 2010eko Konbertsioko Geldialdian. Beraz, ezagutzen nuen 3. plantako Utilities eremua. Horretaz aparte, gainerakoa berria izan da niretzat.

Geldialdian lanak konplexuagoak dira, hainbat soldadura lan egin behar dira aldi berean, eta hidrokarburoei dagokienez garbi-garbi egon behar diren hainbat ekipamendu mozten dira. Gure lehentasuna segurtasuna da eta horri dagokionez ez dugu akatsik onartzen. Geldialdia bizitzean, zentzumen guztiak bertan jarri behar dira.

-Zer da geldialdi honetatik nabarmenduko zenukeena?

Berritasun nabarmenena Operazio ikuskaitzailea egotea da, giltzarria baita PMGR-aren antolakuntza berrian Ekoizpen Sailetan. Langile horiek hainbat hilabete daramatzate geldialdiaren jarduera guztiak prestatzen profesionaltasun osoz.

Azpimarratu beharreko beste alderdi bat segurtasunari zuzendutako baliabideak dira: segurtasunaren etengabeko koordinazioa, erreskate-talde bezala kontratatutako enpresa, geldialdian segurtasuna ikuskatzeko kontratatutako beste enpresa bat, segurtasuneko ekipamenduentzat biltegi berezia, etab.