- Petronor Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren Patronatuko parte izatera sartu da.
- Lankidetza-programari hasiera emateko, Alicia Koplowitz Bilduma erakutsiko duen aldi baterako erakusketa handia antolatu da.
- Bildumako lehenengo obra garrantzitsu gisa, Anselm Kieferren Le Dormeur du val (2014) aurkeztu da, eta arte garaikidearen aretoetan egongo da ikusgai, erakusketa inauguratu arte, hau da, uztailaren 27ra arte.
Gaur, PETRONOR Bilboko Arte Ederren Museoa Fundazioaren Patronatura sartu izana berresten duen lankidetza-akordioa sinatuko da. Hain zuzen ere, Patronatua museoko gobernu-organoa da, eta horren parte dira erakunde sortzaileen ordezkariak –Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia eta Eusko Jaurlaritza–, beste zenbait erakunderekin batera.
Gaur egun, guztira, 10 erakunde –Petronor barne– ari dira bertan ekarpenak egiten, 3 patrono instituzionalez gain. Euren helburua da Bilboko Arte Ederren Museoa osatzen duten elementuak sustatzea eta garatzea.
Orain arte sekula ikusi ez den ekarpena egiten dute; izan ere, aberastu egiten du patronoen baturaren ordezkaritza, eta, betiere, partekatu egiten dute museoaren sorrerako helburua eta zeregina lortzeko xede komuna: “Bilboko Arte Ederren Museoko antzinako artearen, arte modernoaren eta arte garaikidearen bilduma jaso, gorde, ikertu, erakutsi, aberastu, zerbitzuak mantendu eta kalitatezko jarduerak sustatu, gizartea hezteko asmoz eta Euskal Autonomia Erkidegoko balio kulturalak proiektatzeko xedez”.
Bestetik, Petronorrek gizartearekin duen erantzukizunetik eta bere jardueraren garapenetik diseinatutako ekintza batzuen barruan sinatu du akordio hau, honako helburua bilatu nahian: “erakunde publiko eta pribatuekin kolaboratzea, artea, kultura, hizkuntza, hezkuntza, trebakuntza eta interes orokorreko gainerako jarduerak babesteko”.
Petronorren lankidetza museoko erakusketa berezien proiektuen sustapenarekin dago lotuta. Hain zuzen ere, Petronorren eta museoaren arteko lankidetza-programako lehenengo ekintza aldi baterako erakusketa handi bat izango da: Alicia Koplowitz. Grupo Omega Capital Bilduma, uztailaren 28an irekiko dena museoko BBK aretoan, eta urriaren 23ra arte egongo dena zabalik.
Lankidetza-hitzarmena sinatzearekin batera, Alicia Koplowitz Bildumatik Bilbora etorri den lehenengo obra aurkeztu nahi izan dugu. Anselm Kiefer alemaniar margolariaren pintura handi bat da, Le Dormeur du val (2014) izenekoa, erakusketako obrarik garaikideenetakoa izango dena.
Alicia Koplowitz- Grupo Omega Capital Bilduma erakusketa
Petronorren eta museoaren arteko lankidetza-programako lehenengo ekintza aldi baterako erakusketa handi bat izango da: Alicia Koplowitz. Grupo Omega Capital Bilduma, uztailaren 28an irekiko dena museoko BBK aretoan, eta urriaren 23ra arte egongo dena zabalik.
Erakusketak Europako bilduma pribaturik nabarmenenetako baten kalitatearen eta interes artistikoaren aukeraketa esanguratsua egiten du, bai pieza-kopuruari dagokionez (92), bai ordezkatuta egongo diren artisten zerrenda ikusgarriagatik. Gainera, beste arrazoi batengatik ere bada interesgarria erakusketa hau: oraindik ez dela inoiz jendaurrean jarri.
XVI. eta XVII. mendeetako eskola espainiarreko maisuen artean, Pantoja de la Cruz, Morales, Zurbarán eta Arellano nabarmendu behar dira. XVIII. mendean, protagonismo nagusia Goyaren talentuak eta haren garaikide izandako Camarón, Esteve edota Paretek hartzen dute. Mende horretan bertan, eskola italiarra –Guardi, Canaletto eta Tiepolotarrak, besteak beste– eta frantziarra –Hubert Robert– ere presente daude. XIX. mende espainiarrari dagokionez, Raimundo de Madrazoren lanak erakutsiko dira. Postinpresionismo frantziarra oso goi-mailan egongo da ordezkatuta, Van Gogh, Gauguin eta Toulouse-Lautrecen lanekin.
XX. mendekoen artean, nabarmentzeko modukoak dira Picasso, Juan Gris, Antonio López, Millares, Tápies eta Barcelóren obrak, arte espainiarrari dagokionez; eta Mondrian, Modigliani, Schiele, Van Dongen, Willem de Kooning, Mark Rothko, Cy Twombly, Lucian Freud, Lucio Fontana edota Anselm Kieferrenak, nazioarteko testuinguruan. Obra garaikideen atala osatzeko, Gargallo, Julio González, Miró, Oteiza, Chillida, Calder, David Smith, Giacometti, Louise Bourgeois edota Donald Judden eskulturak egongo dira ikusgai.
Alicia Koplowitz Bildumak artearen historiatik egiten duen ibilbide pertsonala zenbait arrazoirengatik da nabarmentzeko modukoa: lehenengo eta behin, bildumak iraganera zein orainera begiratzen duenez, iraganeko maisuekiko zein maisu garaikideekiko arreta sumatzen da, eta, batez ere, obren dentsitaterik handiena XVIII. mendetik XX. mendera bitartekoa da.
Bildumaren beste ezaugarrietako bat da bertan bildutako errepertorio artistikoan ez daudela soilik margolanak jasota, baizik eta eskulturen corpus garrantzitsua ere, Antzinate klasikoko obra-multzo zoragarriarekin eta eskultore garaikide nabarmenen obrekin. Azkenik, bildumaren espiritu kosmopolita azpimarratu behar da: eskola espainiarrekiko arretatik abiatuta, interes artistikoak zabaltzen ditu, nazioarteko ikuspuntutik.
Hori guztiori uztartzen da bilduma paregabe honetan, eta, aurtengo udan, lehen aldiz jarriko da jendaurrean ikusgai bere aberastasuna eta kalitate artistiko izugarria.