Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Bizkaiko Ordezkaritzak Getxoko Areetako hondartzan bainurik ez hartzeko gomendioa zabaldu du, ekainaren 16an egindako txostenaren harira. Hondartza horretako uraren kalitatea “ez nahikoa” dela argitu du.
Bizkaiko Bainu Eremuen Kontrol Sanitariorako Programaren arabera, Bizkaian dauden gainerako hogei bat hondartzetako “uraren kalitatea ona” da, eta horietan inongo arazorik gabe bainatu daiteke. Areago, lau lekutan izan ezik, uraren kalitatea bikaina da.
Hauexek dira uraren kalitatea “ona” baina ez “bikaina” duten Bizkaiko lau hondartza horiek: Lemoiz, Laidako itsasadarra, Lekeitio eta Ondarroa.
Gainerako hondartza guztietan, Muskiz eta Zierbenako La Arena hondartza eta honi dagozkion hiru laginketa-puntuak barne, uraren kalitatea bikaina da.