Muskiz eta Zierbenako La Arena hondartza AENORen kalitate eta ingurumen-kudeaketa ziurtagiriak dituzten Bizkaiko hamabost hondartzetako bat da. Espainiako Normalizazio eta Ziurtapen Elkartea da AENOR, arau teknikoak garatu eta hedatzeaz jabetzen den erakundea eta enpresen ekoizpenaren eta ingurumenaren kudeaketaren kalitatea egiaztatzeaz arduratzen den agentzia.
Orain dela zenbait urte arte, “bandera urdina” izeneko tituluak eman izaten ziren, uraren kalitatea, sarrera egokiak, harearen edo zerbitzuen garbitasuna eta bestelako faktoreen arabera. Baina, urtez urte, tradiziozko ikur hori garrantzia galduz joan da, AENORen ziurtagirien mesedetan, ISO 9.001 kalitateaz eta 14.001 ingurumen-kudeaketaz.
1986an sortu zen AENOR eta arau teknikoen eta ziurtagirien bitartez, enpresen eta beren produktu eta zerbitzuen kalitatea eta lehiakortasuna hobetzen laguntzen du. Horrela, egungo ekonomian gehien estimatzen diren baloreetako bat sortzen laguntzen die erakundeei: konfiantza.