Bisitari kopuru garrantzitsu honek urtero El Pobalek prestatzen duen jarduera programari zentzua ematen dio: Burdina itsasora. Mea itsasontziratzeko paisaiak Bizkaian erakusketa -2018ko martxoaren 31era arte luzatu dena- , Euskal Industria Ondarea argazki erakusketa, Lea ibaiko paisaia industriala eta Agorregi Burdinola ezagutzeko ibilaldiak, Haurrentzako argazkigintza Masterclassa bezalako tailerrak, museoan El Pobaleko gurpil hidraulikoari dagozkion bi panel berrien inaugurazioa, hitzaldiak, erakustaldiak, bisita gidatuak eta Erdi Aroko Birsortze Historikoa Muñatonesen dira 2017an antolatu diren ekintzetako batzuk, honako ondare hau zabaltzeko xedez.
Aipatu beharra dago gainera, 2017an, El Pobal oso bestelakoak izan diren ikus-entzunezko obrak filmatzeko testuinguru baliagarria izan dela: besteak beste, Innobasque agentziaren 10. urteurreneko Bat egizu Berrikuntzarekin bideo korporatiboa, iragarkiak, EITBko Vasconia sail dokumentalaren atal bat, Bilboko Udalaren Olentzero eta Mari Domingi laburmetrai saila, etab. Eta, lehendabiziko aldiz, Burdinola Paul Urkijok zuzendutako Errementari luzemetraiaren plato izan da urtarrila osoan zehar. Lehen emanaldia zinemetan datorren martxoan izango da, pasa den azaroan Donostiako Fantasiazko eta Beldurrezko Zinemaren 28. astean publikoaren saria jaso ostean.