Muskizek bere energia eredu berriaren lehenengo harria jarri du

Javier Laiseca, Borja Liaño eta Emiliano López Atxurra, akordioa ixten.
“Hauxe da Mikro Sare Elektriko Birtuala garatzeko lehenengo pausoa, baina gerora, jarraipena emango dio hainbat eraikinen hedapenak hiru Lurralde Historikoetan”,  adierazi du Emiliano López Atxurra Petronorren presidenteak, Somorrostro Prestakuntza Zentroko zuzendari Javier Laisecarekin gaur banatutako energia berriztagarriak garatu eta ikasteko sinatu duen lankidetza-hitzarmenaren aurkezpenean, Borja Liaño Muskizko Alkatea tarteko zela. Petronorren presidenteak gaineratu duenez,  “Mikro Sare Elektriko Birtual honi esker, isurketarik gabeko eraikinen sarea abiarazi ahal izango da, betiere euskal teknologiaz baliatuta”.

Mikro Sare Birtual honen “lehenengo harria” Muskizen jartzeak balio sinboliko handia du Petronorrentzat nahiz Somorrostro Prestakuntza Zentroarentzat. Petronorrentzat, konpainiaren jarduera nagusia kokatuta dagoen udalerrien aldeko apustua indartzen duelako, eta irakaskuntza Zentroarentzat, lanbide-heziketa azken belaunaldiko teknologietara egokitzeak, enplegugarritasuna hobetuko duelako.

Petronorrentzat,  “banatutako sorkuntzari buruzko proiektu estrategikoaren lehenengo aurrerapausoa da, etorkizuneko argi luzeekin jaio den esperientzia pilotua. Apustu honek Muskiz bilakatzen du energia sektorearen protagonista, findegiaz haratago”.

Prestakuntza-Zentroarentzat, garatzen hasia den sektore horretarako profesional berriak prestatzeko aukera izatea dakar, baita aktibo dauden langileen birziklapena erraztu ere, eta gainerako enpresek haien garapen energetikoak frogatzeko laborategia izatea.

Borja Liañok, bere aldetik, helburua  “etorkizunera aurreratzea”  dela azpimarratu du, “energia eredu berriei erantzunez, guztia udalaren iraunkortasun eta energia eraginkortasun planekin bat”. 

Elektrizitate Sare Birtuala

Elektrizitate-sare birtuala sorkuntzari, biltegiratzeari eta elektrizitate-kontsumoari dagozkion hainbat osagai biltzen dituen sistema da, ohiko banaketa-sarea energia garraiatzeko elementu fisikotzat baino erabiltzen ez duena. Elementu guztiak integratu eta horien erabilera optimizatzea du helburu, kanpoko sistemekiko mendekotasuna murrizteko asmoz. Mikro Sare Birtual hauek informazio eta komunikazio teknologien garapenak ahalbidetu ditu.

Petronorrek zerbitzu energetikoen enpresa-eredu berria sortzearen alde apustu egin du, arreta-gunea azpiegituratik bezeroarengana eta iraunkortasunera aldatuz. Ereduak balio erantsi handiko zerbitzuak eskainiko dizkio oraingo elektrizitate-sareari. Helburua energia garbiagoa eta merkeagoa lortzea da.

Energia-eredu berria estu-estu lotuta dago banatutako sorkuntza berriztagarriarekin, biltegiratzearekin eta eskariaren kudeaketarekin, kontsumitzaileari arras zeregin aktiboa egotziz. Eredu honexen alde egin du Europar Batasunak, Energiaren Euskal Erakundeak sustatutako ildoaren harira. Eredu honetan, energiaren digitalizazioa eta kontsumitzailea sistema energetikoaren jarduera guztietan integratzea euskal trantsizio energetikoaren oinarriak dira.

Akordio honek elkarrekin lan egiteko oinarriak finkatu ditu, banatutako energia berriztagarrien Frogaketa eta Ikasketa Zentroa garatzeko. Zentroa hainbat fasetan garatuko da, eta aurreikusitako lehenengo jarduketaren bitartez, sorkuntza fotovoltaikoko eta energia biltegiratzeko instalazioak ezarriko dira Lanberri eraikinean. Ekipo horiek bertan kudeatzeko diseinatuta daude, eta metatzailetzat jardun eta banatutako sorkuntzari, biltegiratzeari eta kontsumoari dagozkien aktibo elektrikoak kudeatzeko gaitasuna duen plataforma nagusiarekiko komunikazioak izango ditu.

Ondorengo faseetan, akordioa garatzen jarraituko da sorkuntzari dagozkion aktibo gehiago erantsiz, eta kontsumoko elementu kudeagarriak txertatuko dira. Gainera, zentroko pertsonalak denbora errealeko erabakiak hartzeko gaitasuna izatea ere aurreikusi da, energia-eraginkortasuna hobetzen eta kontsumoa gutxitzen laguntzeko.

Amaitzeko, Petronorren presidenteak, Repsol Taldeak energia eta mugikortasunaren arloko erreferentea izango den enpresa energetikoa bihurtzearen alde egin duen apustua nabarmendu du, eta horren harira esan du Petronor bide hori jorratzen has daitekeela horren garapena erraztuko den ekosistema tekno-industriala duen aldetik, eta horretarako, proiektuarekin lotuta dauden Tecnalia eta CIDETEC zentro teknologikoen laguntza duela, bertan egindako teknologiaz baliatuz eta teknologia hau garatzeko trakzio-lana eginez.