Aurtengo Mello Sariak distantzia desberdinak izango ditu, aukeratzen den modalitatearen arabera, eta nahi duten guztiek har dezakete parte, federatuta egon zein ez egon, 18 urte baino gehiago izanik. Edizio berri honetan hainbat aldaketa egin dira ibilbidean. Mello Sariak daukan mendi izaerari eutsiz, zati gogorragoak gehitu dira, edertasunaren mesedetan. Ibilbidea eta lasterketa 25 kilometrokoak dira, aurreko urtean baino gehiago, 1.530 metroko desnibel positiboa dago eta ibilbidean igoera zein jaitsierak daude, bai eta ezustekoren bat ere. Aurrekoetan bezalaxe, ibilbidea goizeko 08:00etan aterako da Donibane pilotalekutik eta lasterketa 10:00etan.
Bestalde, 12 kilometroko ibilbide eta lasterketa laburra ere badaude, 12 kilometrokoak eta 730 metroko desnibel positiboa dutenak. Aurten ibilbide berria izango da, kirola sustatzeko eta beheko kategoriak indartzeko, nolanahi ere, mendi ibilbide eta lasterketetan hasi nahi duen edozein kirolarik eman dezake izena. Adingabe guztiek euren legezko tutoreek sinatutako baimena aurkeztu beharko dute, behar bezala beteta. Ibilbide bera izango dute martxa eta lasterketa laburrek. Gauzak horrela, ibilbide laburra goizeko 09:00etan abiatuko da eta lasterketa laburra, berriz, 10:30ean.
Martxa Txikia 09:45ean aterako da Donibane plazatik. Proba honek, orotara, 8,5 kilometro izango ditu eta 400 metroko desnibela. 4 urtetik aurrerako haurrek egiteko moduko ibilbide honek ordu eta erditik 3 ordura arteko iraupena izango du. Edizio berri honetan, elkartasunaren alde, premia egoeran dauden udalerriko familien artean banatuko da biltzen den dirua. Hori dela eta, ibilaldian parte hartzen duen ume bakoitzak 2 euro jarri beharko ditu eta, ume hauekin batera heldurik joanez gero, nagusiek borondatea eman beharko dute, zenbakiak jasoko diren gunean ipiniko diren itsulapikoetan.
Izena eman, hemen.